GARA > Idatzia > > Ekonomia

Opor garaia heltzen denean erregaien prezioek beti gora egiten dutela salatu du Facuak

Facua kontsumitzaile elkarteak erregaietan eta beste hainbat sektore estrategikotan salneurri erregulatuak ezartzeko eskatu du. Hala, liberalizatutako sektoreetako enpresen «gehiegikeriak» ekidingo lirateke.

GARA |

Facua-Consumidores en Accion taldeak atzo baieztatu zuenez, erregaiaren eskaerak gora egiten duen bakoitzean, «udaran gertatzen den bezala», prezioen igoera izaten da «ustekabean». Igoerak azaltzeko, «sektoreak jarritako aitzakiak» erabiltzen dira. «Momentu bitxietan» izaten diren prezio igoera horiek ikusita, Kontsumorako Batzorde Nazionalari erregaien prezioetan gorabeherak eragiten dituzten «egoera ezohikoak» aztertzea eskatu zion taldeak.

«Igoera izugarriak»

«Erregaien sektorea erregulatzen duen ereduak baimendu duelako» egin du gora gasolinaren prezioak Andaluziako Facua taldeko Ruben Sanchez bozeramaileak Europa Press Television hedabideari atzo adierazi zionez. Prezioen igoera hizpide hartuta, gogora ekarri zuen prezio «maximo eta erregulatua» 1998. urtean desagertu zela. «Orduz geroztik, inolako gobernuk geldiaraz ez ditzaken igoera izugarriak ematen ari dira etengabe», esan zuen.

Egoera horren aurrean «irtenbide bakarra», salneurriak erregulatzea dela nabarmendu zuen Sanchezek; gainera, ez soilik ibilgailuentzako erregaien kasuan, «baita telefoniaren, elektrizitatearen edo gasaren kasuan ere». «Soilik Gobernuak ezarritako prezio batekin amaituko genuke petrolio, elektrizitate edo telefonia enpresek eragin ditzaketen gehiegikeriekin», azpimarratu zuen.

Horiek horrela, sektore guztien liberalizazioa baimentzen duen eredua aldatzea eskatu zuen. Ildo berean, «igoera handientzat freno eta erreferente» bihurtuko den salneurri erregulatu bat ezar dadila eskatu zuen. Halako neurri bat hartuz gero, prezioek «gutxienez» muga bat izango luketela nabarmendu zuen Sanchezek; «liberalizatutako sektore ezberdinetako konpainiek gainditu ezingo luketen muga».

Azterketak «sakondu»

Azkenik, Kontsumorako Batzorde Nazionalari kontsumitzaileek ordaindu beharreko erregaien prezioetan ematen diren gorabeheren azterketan «sakontzea» eskatu zion, baita «garraioaren eta lehengaien» garapena bera aztertzea ere. Hala, benetan prezioak igotzeko beharra dagoen, edo «une jakin batzuetan» erregaien prezioen igoerak eragiten dituzten «akordio ilegalak» dauden jakingo litzateke.

PREZIO ERREGULAzioa

1998. urtean desagertu zen prezio «maximo eta erregulatua». Facua kontsumitzaile taldeak salatu duenez, orduz geroztik prezioen igoera izugarria izan da. «Irtenbide bakarra» salneurri erregulatu bat ezartzea dela aldarrikatu dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo