SIR Ligako lauko finala
Korsarioak taldeak barkatu egin zuen eta gaur hirugarren postua bilatuko du
Jon LEUNDA | DONOSTIA
Korsarioak taldeak 28-9 galdu zuen herenegun gauean Los Gatosen aurka, SIR Ligako finalerdian, eta bihar 18.00etatik aurrera Almogaversen aurka jokatuko du hirugarren posturako lehia Teresa Rivero zelaian.
Euskaldunak partidako zatirik handienean aurretik joan ziren, baina barkatu egin zuten, eta madrildarrek ez zuten aukera alferrik galdu. Gorka Buenok hiru zigor kolpe huts egin zituen, eta amaieran garesti ordaindu zuten.
Pablo Feijoo donostiarrak aurreratu zituen madrildarrak entsegu dotore batekin, baina Buenok bi zigor kolpe gauzatu ostean, euskaldunak 5-6 aitzineratu ziren markagailuan, eta emaitza horrekin joan ziren atseden hartzera.
Berdintsu
Bigarren zatian ere gauzak tankera berean hasi ziren. Cabralek, zigor kolpe bat gauzatu ostean, partidari buelta eman zion, baina berehala Buenok gauza bera egin zuen; hala, euskaldunek 8-9 jarraitzen zuten aurretik. Korsarioak taldeko jaurtitzaileak aldea handitzeko aukera izan zuen, baina ez zuen asmatu, eta hortik aurrera etxekoak gorantz egin zuten, eta Cabralek eta Semperek jarri zuten 14-9koa.
Emaitza horrekin, Bidartek zuzentzen dituen mutilek aurrera egin behar izan zuten, eta Los Gatosek ederki aprobetxatu zuen aukera bi entsegu egin eta finalerako txartela eskuratzeko. Beste finalerdian, Los Mariners taldeak 36-20 irabazi zion Almogaversi, eta Alacantekoak izango dira biharko finalean arituko diren besteak.