GARA > Idatzia > > Kultura

Amaia Riouspeyrousen ahots goxoa popa, folka eta rocka kantatzen «Har ezazu» diskoan

Amaia Riouspeyrous Nafarroa Behereko kantariak bere lehen diskoa aurkeztu berri du Agorila diskoetxearekin. «Har ezazu» lanean pop, folk eta rock estiloak uztartu ditu energia baikorrez beteriko musikarekin.

p059_f02_148x92.jpg

Idoia ERASO | BAIONA

«Testuak sortzeko eskatu nioen ezagutzen dudan jendeari», azaldu zuen kantariak. Disko honetarako kantuak idatzi dituztenen artean dira Itxaro Borda, Niko Etxart, Xan Alkhat, Kattalin Indaburu eta Fred Fort. «Sentitzen nituen gauzak eskatu dizkiet, hitzek zentzua izan behar baitzuten. Xan Alkhati ilusioari buruzko kantua eskatu nion, eta, Itxaro Bordari, aldiz, emazteari buruzkoa», gehitu zuen Riouspeyrousek. Idazle ezagunak idatzi ditu diskoari izena ematen dion «Har Ezazu» kantuaren hitzak. Abeste horretako musika, aldiz, Riouspeyrousek inspirazio moduan hartu dituen Sheryl Crow eta Bill Botrellenena da. Niko Etxartek, bestalde, «Argizagia lekuko» lanarentzako amodio hitzak eta musikak eskaini dizkio kantari gazteari. «Disko guztiko testuak positiboak dira, zenbait idazlek kantu negatiboak eman zizkidaten, baina ez nituen sentitzen», nabarmendu zuen Anhauzeko kantari gazteak.

Maitasunak toki handia hartzen du diskoan, amodio erromantikoarekin batera bestelakoak ere agertzen badira ere. Euskararekiko sentimenduen berri ere ematen du; horren erakusle da Kattalin Indaburuk idatzitako «Hizkuntza» kantua. Fred Fortek bere aldetik herriarekiko maitasunaren gaia lantzen du «Caresses» poesian. Kantariak berak idatzitako diskoko azken kantuak, bere ibilbidearen «Abentura» ematen du ezagutzera: «Bizia da abentura, mila galdezketa».

Riouspeyrousekin diskoan parte hartzen duten musikariak, kantu gehienen musikaren sortzaileak ere badira. Philippe Albor, Patrick Fischer, Alain Fischer, Xavi Fischer eta Alain Hirigoyenen laguntzarekin popa, rocka eta folka era arinean elkartzea lortu du. «Hautu bat egin dut folka eta rocka nahasiz, nahiz eta badakidan horrela ez gaituztela toki guztietara deituko», baieztatu zuen kantariak.

Bere ibilbide artistikoa musika tradizionalaren baitan garatu baldin bada ere, Amaia Riouspeyrousek betidanik rockarekiko izan duen erakargarritasuna barneratu nahi izan du: «Nire gustuko gauzetara jo nahi izan dut euskal hitzekin». Estilo berri hori estudioan landu eta gero, orain publikoarekin bat egiteko momentua heldu zaie musikariei. Diskoaren aurkezpena Baionan egin zuten musikaren egunean: «Jendea trumilka bildu zen. Gainera, berrikuntzek harrera ona izan dute. Iparraldean tradizio mailan herriko kantuen alde egiten da eta jendea harritu egin zen ni estilo berri honetan ikusteaz».

9 urterekin hasitako ibilbidean pausu berri bat

«Bederatzi urterekin hasi nintzen Haur Kantu Txapelketan. Geroztik kantuz ibili izan naiz Euskal Herrian zehar; herriko bestetan aritzen urte asko pasa nituen», hitz horiekin azaldu zuen Amaia Riouspeyrous kantariak bere txikitako ibilbidea. Herriz herri kantuz aritzen zen bitartean Baionako musika-eskolan aritu zen, eta Beñat Achiaryren ikastaroak jarraitu zituen. Iaz Agorila, Luna Negra eta France Bleuk antolatu txapelketaren irabazlea izan zen. Dagoeneko 25 urte bete dituen hizkuntza eta estilo guztiei irekitako lehiaketa horretako saria Agorilarekin diskoa argitaratzea izan da.

I. E.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo