Gudariak omendu eta heriotza justifikatzen duen ideiarik ez dela esan du EAJk Gorbeian
Militarrek bandera espainola ezarri ostean, ikurrina eskuan igo zen EAJ Gorbeia mendira, «gudarien odolaz odoleztatuta dagoen muinora». Bertan, heriotza justifikatzen duen ideiarik ez dagoela adierazi zuen.
GARA |
Gorbeiako mendi tontorrera mendi martxa egin zuen atzo EAJk, «legearen eta beren herriaren alde bizia eman duten guztiak» omentzeko asmoarekin. Gorbeia inguruko muinoak «odoleztatuta» daudela adierazi zuen EBBko presidente Iñigo Urkulluk; «herri honen duintasuna zaintzeko beren bizia emanda esfortzu gorena egin zuten gudarien odolarekin odoleztatuta», zehaztu zuen. Duela 70 urte, Euskal Herriaren alde borrokan aritzeagatik hildako gudariak omendu nahi izan zituzten arren, «pertsona baten heriotza justifikatzen duen aberri, erlijio, ideia edota egitasmorik» ez dagoela defendatu zuen Urkulluk ondoren.
Estatu espainoleko armadako militarrek joan den ekainaren 17an Gorbeiako tontorreko gurutzean bandera espainola jarri zutelako deitu zuen alderdi jeltzaleak mendi martxa; bertan, «Euskadi euskotarren aberria» dela esan eta «hala izaten jarraituko duela» aldarrikatu zuten. EAJko buruzagiak ikurrinak eskuan igo ziren mendira eta, tontorrean, ikurrina handi bat zabaldu zuten «Euskadi Perrexil ez dela» ozen adierazteko.
Aurki 114 urte betetzear den Eusko Alderdi Jeltzaleak «bere patua herri honen askatasunarekin lotu» zuela eman zuen aditzera alderdiko presidenteak. Ikurrina, gainera, euskal herritar gehienentzat «sentimendu zintzo baten ikurra» dela defendatu zuen. Jarraian, Gorbeiako tontorrean ikurrina ez zutela «garaipen militarra adierazteko jarri» nabarmendu zuen Urkulluk. Euskal ikurraren koloreak, zuria, gorria eta berdea, «gure kolore eta printzipioak» direla sostengatu zuen, eta EAJrentzat kolore horien esanahia zein den azaldu zuen: «Itxaropen eta garapenaren berdea; gure jendearengan dugun konfiantzaren gorria; eta, zuria, bakearen ikurra, begirunearena».
Mendi tontorrean «askatasunezko zurrunbiloa sentitzen» zuela ere esan zuen atzokoan Urkulluk. Azkenik, beraien «ispiritua» ezin izango dutela isildu nabarmendu zuen; «ez lehen ezta orain ere», gehitu zuen.
«Euskadi ez da Perrexil uhartea. Euskadi euskotarren aberria da. Eta hala izaten jarraituko du. Bortizkeriari ez esaten dion Eusko Alderdi Jeltzaleak hitza ematen du». Halaxe bukatu zuen Urkulluk bere hitzaldia.