GARA > Idatzia > Kirolak > Arrauna

San Miguel liga XI. Telefonica Bandera

Gainontzeko traineruak ikaratzen hasi da La Marinera

Espero zen lehia estua ezerezean utzi eta erakustaldi bikaina eman zuen Bilboko uretan Castrok. San Pedro geratu zen kantabriarrengandik gertuen.

p050_f02_097x124.jpg

Imanol CARRILLO | DONOSTIA

«Ikaratzekoa da Castrok eman duen erakustaldia lehenengo bi luzeetan». Horiexek izan ziren Igon Lertxundi Orio taldeko presidentearen hitzak, Bilbon erlojupeko gisa jokatutako San Miguel Ligako lehen jardunaldian. Eta ez zaio arrazoirik falta, jaun eta jabe izan baitzen La Marinera traineru garailea hasieratik amaiera arte.

Liga inoiz baino estuagoa espero zen aurten, eta pronostikoek ez zuten huts handiegirik egin atzo. Hori bai, lehenengo bi sailkatuak alde batera utzita.

Garaipenak argi eta garbi adierazten du Castrok iragan urteko hasiera txarra ahaztu nahi duela. Izan ere, La Marinera traineruko arraunlariek denboraldiari buelta eman behar izan zioten, azkenean, bigarren postuan amaitu ahal izateko.

Atzoko bigarren sailkatuari dagokionez, San Pedrok iaz denboraldi hasieran lortutako emaitza onak errepikatzeko prest dagoela erakutsi zuen.

Bere maila hobetzen ari dena, Hondarribia da. Iaz denboraldi iluna egin ostean -zazpigarren geratu zen-, hirugarren postua lortu zuen; bide batez, indartsu dagoela erakutsi zuen.

Bestalde, Orioren eta Urdaibairen lanak eragin zuen dezepzioa ere aipatu behar da. Gehiago espero zen beraiengandik lehen jardunaldian, Liga amaieran goiko postuetan egoteko faboritoak baitira.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo