Josebe Egia
Irudien boterea
Irudi batek mila hitzek baino gehiago adieraz dezakeela gauza jakina da. Argazki batzuek herrialde batek bizi duen gatazkaren alderdi bat ikusgai jar dezaketela ere argi dago; ordea, batzuentzat ez dirudi komenigarria. Izan ere, jakina da ikusten ez dena ez dela existitzen. Horren erakuslerik garbiena, agintariak alderdi oso hori ezabatzen jarraitzeko hartzen ari diren lana da, argazkien indarra ere legez kanpo jarrita.
Herriko tabernetan, plazetan, txosnetan barrena dabil polizia, dena, denak, aztertuz; senideen eta lagunen argazkiak baino, atzean ezkutatzen den aldarrikapena ezabatu nahian. Uda latza edukiko dugulakoan nago; gure jaiak gure erara gozatzea ere zailduko digutela uste dut. Besteak beste, absurduaren absurduaz, Bilboko Aste Nagusiko txupinera izateko hautatutako Sonia Polo egiteko horretatik kentzeko ere eskatzen hasi dira, zergatik eta preso baten arreba delako!
Badago hor, agintari horien artean, buruari eragiten dion norbait. Izan ere, sinboloen, irudien eta horien atzean dagoen pertsona-elkarketaren indarraz ohartu da; gizartean eragin eta aldaketak ekartzeko, iritziak sortzeko eta ametsen atzetik joan nahi izateko. Eta joateko. Azken batean, gizartea, hots, kaleak, plazak, tabernak, eskolak, inguruneak sortzen duelako neurri handi batean. Neurri ikaragarri handian, esango nuke.
Ildo beretik, nahiz eta beste arlo batean izan, honakoa zioen atzo bertan Mirenek lagun artean geundela: «Bizitza osoa emakume asanbladan sartuta, orain alabari nagusia denean printzesa eta ama izan nahi duela entzuteko! Nola liteke?». Eta Oskarrek: «Nik biziki gorroto dut futbola, ez dut sekula partidurik ikusi etxean... eta semeak, berriz, ez du partidu bat bera ere galtzen, han edukitzen dut 90 minutuz telebistari itsatsita, logela posterrekin josita du... Non daude nire geneak?».
Umeengan dugu, ziurrenik, inguruneak nola eragiten digun ikusteko paradarik onena. Familian transmititzen diren balioek eta jasotzen den hezkuntzak izaeraren zati handi bat eratzen baitute, baina ez bakarra, inondik inora. Ume horiek ez direlako etxeko burbuilan sartuta biziko; eskolan, kalean, lagunekin, lagunen lagunekin, ibiliko dira, milaka irudi eta ideia jasoko dituzte -politikarekin, lanarekin, maitasunarekin, sexuarekin... lotuta-, beretzat hartu edo ukatu egingo dituzte; azken finean, izaera bat eratuko dute. Eta batzuetan, familiaren kontra joateko gazteen grina horrekin, gurasoak zeharo harrituko dituzte; esaten dituztenak eta egiten dituzten aukerak duten jatorria ulertu ezinik utziko dituzte.
Txunditzen gaituena honakoa da: lehen ez bezalako ipuinak irakurri dizkiegu, hezkuntza eta diskurtso ezberdinak eman dizkiegu, bestelako eredua erakutsi diegu etxean eta, hala ere, printzesak eta futbolariak izan nahi dute. Eta ez dakigu nola litekeen. Izan ere, gure artean halako irudirik ematen ez diegunez, ez direla existitzen uste dugu. Baina, presoekin gertatzen den bezala, argazkiak kendu eta ezkutatu arren, egon badaude. Eta txikitako ametsak baino kontu garrantzitsuagoetara ekarrita, eredu berak mantendu ez daitezen ikusten ikasi beharko genuke. Non daude, nola jasotzen dira, nork ematen ditu?