GARA > Idatzia > Kirolak > Mendia

PirinIoak Zeharkaldia

Camin Reiau, Aran haraneko txokoak oinez ezagutzeko proposamena

Aran bailarako herri guztiak, 33, lotzen dituen ibilbidea da. Mendizaleentzako zein xendazaleentzako proposamen berri honek 150 kilometro eta 10 etapa ditu. Ingurumari horretako kultura, historia eta natura ezagutzeko aukera bikaina eskaintzen du.

p044_f01.jpg

Andoni ARABAOLAZA

Nahiz eta ez den batere egokia, eta horren erru handiena «izar askoko» turismoak duen, Val d´Aran edo Aran harana Baqueira Beret eta haren eski-estazioarekin lotzen da beti. Irudi hori behin eta berriz zirrikitu guztietan sartzen saiatzen dira, baina, jakina, Arango alderdi eder horrek bestelakorik eskaintzen du.

Nahiz eta turismo konbentzionala bultzatzen duen erakundea izan, oraingoan proposamen erakargarria egin du Aran Vacancesek: Camin Reiau. Aurkeztu berri den ekimena mendizale zein xendazaleei zuzenduta dago. Hots, oinez egin behar den proposamena da.

Hitz bitan esateko, Camin Reiau zeharkaldi bat dugu. Ibilbide historiko bat berreskuratzen duen zeharkaldia da, Aran bailarak dituen herri guztiak, 33, oinez bisitatzeko aukera ematen duena. Guztira, 150 kilometroko ibilbidea du, eta 10 etapatan banatzen da. Helburu garbia du: Aran bailarako historia, kultura eta natura ezagutaraztea. Horretarako, ingurumari hartan sarri sufritzen den abiadura eroa alde batera utzi behar da, oinez, lasaitasun ederrean, zeharkaldi eder bat bere osotasunean dastatu ahal izateko.

Bai, ekimen honetan errepideek ez dute batere protagonismorik. Ibiltaria eroso sentituko da, 2,5 kilometro soilik egingo dituelako errepidez. Basoak, asfaltatutako pistak eta mendiko bideak dira nagusi. Antolatutako etapak ez dira oso gogorrak; 15 kilometro dituzte batez beste. Gainera, ez dira mendi garaiak igotzen; finean, helburua haraneko 33 herriak lotzea da, eta, beraz, bailararen sakonean ibiltzen da.

Ibilbide historikoa

Aurreratu dugun legez, proposamen berria dugu; lasai asko baiezta dezakegu ateak ireki berri dituela. Zeharkaldia prestatzen, atontzen eta forma ematen buru-belarri jardun duen protagonista nagusi bat dugu: Ricard Novell.

Arango txoko guztiak ondo baino hobeto ezagutzen dituen mendi gidaria da. Maite du Aran bailara, bere historia, kultura eta natura. Eta ezagutza horri esker, Novellek adierazi duen bezala, ibilbidea prestatzeko proposamena iritsi zitzaion: «Aran Vacancesek egin zidan. Abentura honi izen bat jarri behar nion, eta hori zaila zen. Zalantzarik gabe, paisaia da protagonista nagusia. Paisai horretan 33 herriak daude txertatuta, eta hauek antzinako bide batek lotzen ditu. Camin Reiau du izena; ziur asko galtzada erromatarra da, bailara osoa zeharkatzen duena. Eta, azkenean, xedeak izen hori hartu du».

Novellek ere beste «arazo» bat zuen. Camin Reiau, berez, lineala da eta biribila izatea lortu behar zuen. Lan horretarako, jakina, ehunka eta ehunka urte dituzten bide tradizionalak berreskuratu behar izan ditu; hots, bertakoek eraiki zituztenak eta egun altxor bikainak direnak. Ibilbide historikoak; kontrabandistek, artzainek, zama-eramaileek... erabiltzen zituztenak.

Modernitateak ahaztu dituen bideak berreskuratu dituzte, Aran bailarako 33 herriak lotzen dituztenak. Horrela sortu berri da mendizaleentzat zein xendazaleentzat eginiko zeharkaldia.

Camin Reiau prest da, eta Novellek berak ezaugarri batzuk aurreratu ditu: «Nik 10 etapatan banatu dut. Etapa bakoitza, bataz beste, 15 kilometrokoa da, eta 600 metroko desnibela du. Edozein urtarotan egin daiteke; neguan, adibidez, erraketak erabilita. Hori bai, segurtasun arrazoiak tarteko, hobe da behar den informazio guztia aldez aurretik eskuratzea: eguraldiaren aurreikuspena, elurroldeen arriskua, balizko ur-goraldiak...

Zeharkaldiaren irteera puntua Vielha da, Arango herri nagusia, eta ibilbide ia osoak GR 211 eta PR bideak eta bertako xenden marka horiak jarraitzen ditu. Garona ibaia ere protagonista bihurtzen da; izan ere, ibilbidearen zati asko ibaiaren albo-albotik igarotzen dira. Puntu garaiena Plan de Beret da (1.880 m) eta baxuena Pontaut (600 m).

Novellek, zorionez, ibiltarientzako Arango zeharkaldi berri honekin ingurumari hori eski-estazio erraldoi bat baino gehiago dela erakusten digu. Informazio gehiago, www.caminreiau.cat webgunean.

XEDE BERRIA

Mendizaleentzat zein xendazaleentzat antolatutako zeharkaldiaren «aita» Ricard Novell da. Aran bailarako bide historiko bat berreskuratu du: Camin Reiau.

EZAGUTU

Zeharkaldiaren helburu nagusia ingurumari hartako kultura, historia eta natura oinez ezagutzea da. Irteera puntua Vielha da, eta Aran bailarako 33 herriak lotzen ditu.

IBILBIDE EROSOA

Camin Reiau zeharkaldia 10 etapatan egiten da, eta, guztira, 150 kilometro ditu. Etapa bakoitzeko bataz besteko desnibela 600 metrokoa da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo