Akordiorik lor dezaketen aztertuko dute gaur Madrilen CCOOk, UGTk eta patronalak
Bilera «beroa» izan zuten Estatu espainiarreko enpresariek eta UGT eta CCOO sindikatuek aurreko astean. Ekainaren bukaerarako enplegu alorrean akordioa lortzea aurreikusita zuten; asmoak, momentuz, ez dira bete.GARA |
Estatu espainiarreko Gobernuko ordezkariak, CCOO eta UGT sindikatuetako kideak eta Espainiako Enpresaburuen Elkarteen Konfederazioko (CEOE) ordezkariak berriro bilduko dira gaur Madrilen, elkarrizketa sozialaren alorrean akordiorik lor dezaketen aztertzeko.
Pasa den astean izan zuten bileran, patronalak proposatu zituen hainbat neurrik iskanbila ekarri zuten. Bileraren ostean, Gobernuari negoziazioa birbideratzeko eskatu zioten sindikatuek.
CCOO eta UGTk azaldu dutenez, enplegu eta babes sozialeko edukietan hitzarmena lortzeko, enpresariek hainbat neurri ez aurkezteko konpromisoa hartu zuten. CEOEk, ordea, Gizarte Segurantzako kotizazioetan bost puntuko beherapena eskatu zuen. Era berean, «XXI. mendeko kontratua» bezala bataiatutako ekimenaren aldeko hautua egin zuen. Besteak beste, mugagabeko kontratuetan kaleratzeen kalte ordaina 20 egunetakoa izan dadila aldarrikatzen dute, gaur egungo 45 egunen ordez.
CCOOko Komunikazio idazkari Fernando Lezcabok eta UGTko Ekintza Sindikaleko idazkari Toni Ferrerek gogor salatu dute CEOEren jarrera aldaketa «erradikala». Azken bileran proposaturiko neurriak «ezustean» aurkeztu dituztela adierazi dute, pasa den maiatzaren 20an eduki horiek negoziazio mahaian ez lantzeko konpromisoa hartu baitzuten guztiek.
Patronalaren aldaketa zerk eragin duen azaltzea zaila da Lezcanoren iritziz. Era berean, hasiera batean ekaina bukaerarako sinatu behar zuten akordioa noiz lortuko duten aurreikustea ere zaila dela adierazi du. Osteguneko bileran, enpresarien erruz giroa «oso bero» jarri zela azaldu du Lezcanok. Hori dela eta, Jose Luis Rodriguez Zapaterori negoziazioa birbidera dezan eskatu diote sindikatuek, mahaia gidatzeko Gobernuko ordezkarien ezintasuna dela eta.
Akordioa lortzeko zailtasunak
UGTko Ekintza Sindikaleko arduradunaren iritziz, jarrerak gerturatzeko exekutiboak aurkeztu dituen aldaketak ez dira nahikoak. Izan ere, Ferrerek salatu duenez, Gobernuak laguntza ekonomikoa bukatu zaien langabetuen egoera hobetu gabe jarraitzen du.
Patronalak ez du egoera hobea aurreikusten, eta EFE agentziarekin hitz egin duten hainbat ordezkarik adierazi dutenez, negoziazioa «ez dago erraz». Hori ikusita, ez dutela ezer baztertzen gaineratu dute; hau da, akordioa sinatzea zein ez sinatzea.
Sindikatuen eta patronalaren artean iskanbila piztu zen aurreko asteko bileran, enpresariek «ezustean» hainbat neurri proposatu ostean. Besteak beste, kaleratzeetan kalte-ordaina urteko 20 egunekoa izan dadila eskatu zuten.