Ahaztuak elkarteak hainbat gudari eta miliziano omendu ditu Bakion eta Foruan
Aurten, 73 urte bete dira Franco diktadorearen tropek armak hartu eta II. Errepublikako Gobernuaren kontra egin zutenetik. Ahaztuak 1936-1977 elkarteak ez ditu Albertia mendian jausi ziren gudari eta milizianoak ahaztu, eta atzo omenaldi bana egin zien Bakio eta Foruan.
GARA |
Bi ekitaldi zituen Ahaztuak 1936-1977 elkarteak iragarrita atzoko egunerako. Urtero bezala, Albertia mendian bizitza eman zuten gudari eta milizianoen omenez, Albertia Eguna ospatzen du memoria historikoa berreskuratzearen alde lan egiten duen elkarte honek. Ekitaldiak Bakion eta Foruan izan ziren.
Hirugarrenez, Bakioko herria aukeratu zuten bertako gudari, miliziano eta frankismoaren biktimak omentzeko. 150 pertsona inguru bildu ziren udaletxearen ondoko plazatxoan orain dela bi urte jarri zuten Gudarien Harria monolitoaren inguruan.
Ariztimuño batailoiko Florentino Llona gudariari eta Meabe batailoiko Casiano Oraindi milizianoari, faxismoaren kontra borrokatu ziren eta bizirik jarraitzen duten bi bakiotarrei, zuzenduta egon zen ekitaldia. Hilik diren beste gudari batzuen senide eta lagunak ere bertan izan ziren.
Txalaparta doinuek, ikurrin dantzak, Lopategiren bertsoek eta irakurritako testigantzek emozioa sorrarazi zuen bildutakoen artean. Bukatze aldera, Krabelin bana eskaini zieten gudari eta miliziano bakiotarrei.
«Demokrazia orain eta hemen»
Foruan 200 pertsona bildu ziren; bertan, Juan Jose Basterretxea Arrospide, Santiago Pinaga Foruria eta Serapio Urrutxua Aldekozea omendu zituzten. Foruko hiru bizilagun horiek 1937ko uztailean fusilatu zituzten. Bertsoen eta txalaparta doinuen ostean, Ahaztuak taldeko ordezkari batek hitza hartu zuen.
Memoria historikoa ezabatzeko saiakerak «alferrekoak» direla gogoratu zuten elkarte honetatik. Era berean, memoria berreskuratzeko «orain eta hemen demokrazia gehiago» beharrezkoa dela azpimarratu zuten.