GARA > Idatzia > > Kultura

Donostia, literaturak eta liburugintzak bizi duten momentu onaren seinale

Larsson, Atxaga, Uribe edota Martinez de Lezeak Donostiako Gipuzkoa plazara egin dute salto, literatura eta herria batuz. Egunotan egiten ari den Liburu eta Disko Azokak jendearen erantzun ona izan duela eta jarrera parte hartzailea nabaritu dela adierazi dute antolatzaileek. Hilaren 12ra arte, idazleekin solas egiteko abagunea ere eskainiko du guneak.

p048_f01_203x116.jpg

Odeia AIESTARAN | DONOSTIA

Jendea erruz ikus zitekeen asteburuan Donostiako Gipuzkoa plazan. Eguraldia lagun, igandean izan zuen Donostiako Liburu eta Disko Azokak bisitari gehien. Hala, literaturak eta musikak bizi duten momentu onaren seinale izaten ari omen da azoka publikoari esker. Jendearen parte hartzea eta jasotako harrera ona azpimarratu zuten antolatzaileek oraindik astebete aurretik geratzen bada ere. Liburuarekiko jarrera, gainera, aldatzen ari omen da. Asier Muniategi antolatzaileak aipatu zuenez, ahoz ahoko lana erakusgarri ona da hori azaltzeko. Izan ere, berak dioen moduan, liburu batek ospea hartuz gero, irakurleek esku artean hartu eta berehala publiko zabalera ailegatzen da. Hala, titulu bat ezagutuz gero, irakurzaletasuna ere bultzatzen da. Azokan ere nabaritu dute halakorik, Muniategik aipatu duen «El niño con el pijama de rayas» liburuarekin, adibidez.

Gipuzkoa plazan, hainbat liburuk apaintzen dituzte postuak urtero lez , aurten 40 inguruk. Muniategik azaldu bezala, «eskaintza zabala da eta hainbat genero aurki daitezke bertan». Horien artean, nobela beltza, gai politikoak, genero historikoa, narratiba etab.

Arrakastatsuenak

Muniategik, irakurleak, orokorrean, leialak direla aipatu zuen. Horren adibide, euskal literaturan orain arte arrakasta handiena izan dutenen artean Bernardo Atxaga eta Kirmen Uribe daude eta, Elkarreko Pako Aizpuruak azaldutakoaren arabera, baita Joseba Sarrionaindia ere. Toti Martinez de Lezearen «La flor de la argoma» ere arrakasta izaten ari da, bai Muniategik bai Aizpuruak azpimarratu baitzuten eleberria izaten ari den harrera ona. «La soledad de los números primos» lanak izandako arrakasta ere aipatu nahi izan zuten.

Liburuak ez ezik, diskoak ere badaude azokan, berrienetatik tradizionaletaraino. Lehenen artean Mikel Laboaren omenezko DVDa dugu; azokako izarretako bat. Aizpuruak aipatu bezala, DVDa lan salduenetarikoa izaten ari da; omenezko DVDa erosita, abeslariaren fondo musikala berreskuratzen du publikoak.

Euskal kantagintzan jada klasikoa den Benito Lertxundiren diskoak ere jendearen arreta bereganatu duela azpimarratu zuten; Aizpuruak aipatu bezala, «ederki eusten dio beti izan duen orekari». Baina gazteek ere badute jarraitzailerik eta, hala, Betagarri edota Ken Zazpiren lanak ongi saltzen ari dira.

Oraindik, ordea, egun asko geratzen dira azoka amaitzeko, eta beraz, zer gozatua izango da. Esaterako, idazleekin publikoak izan ditzakeen solasaldiak. Aste guztian zehar izango dira aurkezpenak. Asteartean, esaterako, Toti Martinez de Lezeak «Perlas para un collar» liburua aurkeztuko du. Asteazkenean Anagramaren entsegu saria jasotako Jesus Ferrerok «Las experiencias del deseo» lanaren nondik norakoak azalduko ditu. Osteguna, berriz, egun osatua izango da, hainbat ekitaldiz betea, Muniategik aipatu bezala. Azaldu zuenez, lehenbizi Haghenbeck mexikarra izango da Donostian «Trago Amargo» lana esku artean duela. Arratsaldean, berriz, poesiak eta musikak bat egingo dute Juan Ramon Makuso, Aritz Gorrotxategi eta Pello Otxoteko olerkariekin eta Iñaki Alberro txelo-jotzailearekin.

Ekitaldi horiez gain, hainbat idazlek Gipuzkoa plazako standak bisitatuko dituzte eta euren irakurleei liburuak sinatzeaz gain, solasean ere izango dira. Astebururako, Kirmen Uribe, Jon Arretxe, Toti Martinez de Lezea, Iñaki Egaña eta Katixa Agirre, besteak beste, egongo direla aurreikusita dago.

Azoka 11.00etatik 14.00etara eta 17.00etatik 21.00etara dago zabalik, hilaren 12ra arte. Hurrengo eguna balorazioarena izango da; «balorazio onarena», espero dutenez.

OSASUNTSU

«Krisiarengatik sartu diguten beldurraz harago», Donostiako Liburu eta Disko Azoka eta liburugintza, oro har, «osasuntsu» daudela aipatu zuen Pako Aizpurua Elkar argitaletxeko kideak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo