Sare sozialetan nortasun faltsuak erabiltzea, gero eta hedatuago
Sare sozialek hamaika aukera eskaintzen dituzte, baita profil faltsuak osatzeko ere. Lucia Etxebarria idazlea izan da hori salatzen azkena, norbaitek bere profila Twitterren sartu eta bere inguruko berriak zabaltzen ari omen da. Sareko pribatutasuna eztabaidagai da berriz ere.
GARA | MADRID
Twitter bezalako sare sozialak etengabeko gorakada izaten ari dira azkenaldian, eskaintzen duten aukera zabala dela eta. Azken hilabeteetan, ordea, nortasun faltsuak bertatik zabaltzeak izugarrizko arrakasta izan du. Kaltetuak, kasu horretan, pertsonaia ospetsuak dira. Mariano Rajoy, PPko presidenteak edota Jose Mota umoristak, esaterako, euren nortasuna eraldatuta ikusi dute. Etekin ekonomikoak eta politikoak omen daude atzean. Egoera hori salatzen azkena, Lucia Etxebarria idazlea izan da. Artikulu baten bitartez salatu duenez, bere profila Twitterren sartu eta bere bizitzaren nondik norakoak zabaltzen ari omen da norbait.
Victor Domingo Internet erabiltzaileen Elkarteko presidentearen arabera, honako jokabideak «inguruko pertsonen artean» ematen dira. Bere esanetan erabiltzaile gazteak izaten dira horrelakoak egiten dituztenak eta helburu gisa adarra jotzea dute. Helduen kasuan, berriz, «neska-lagun eta mutil-lagun ohi askok beren bikotekide ohiak egoera larrietan jartzea gustuko» dutela adierazi zuen. Hori dela eta, nortasun faltsuak ekiditeko kode seguruak jartzea gomendatu zuen; hau da, digitu eta letrez osatutako kodeak.
Ikerketak
Recovery Labs informatikako segurtasun enpresak maiatzean argitaratutako ikerketa batek adierazi zuenez, 2008an izan zituzten hiru eskaeretatik bat (%33,3) nortasun faltsuen ingurukoa izan zen. Juan Martos, segurtasun arduradunak adierazi zuenez, sarea horrelako praktiketarako bide aproposa bihurtzen ari da; «izan ere, izena eta kodearekin bakarrik informazio pribatura sartzeko aukera dago». Helburua, bere ustez, «mendeku emozionala» da.
Datuen Babeserako Agentziak ere hainbat salaketa jaso ditu; hain zuzen ere, sare sozialekin lotutako 23 salaketa izan dituzte jada. Bertako zuzendari Artemi Ralloren esanetan, sare sozialetako arduradunek euren funtzionamendua pribatutasun politiketan oinarritzen dute, nahiz eta «ez duten bermerik ematen». Hala, sare sozialek «mekanismo errealak» martxan jarri behar dituztela aldarrikatu zuen.
Hala jokatzen dutenek, ordea, deliturik egiten al dute? Galdera horri erantzunez, teknologia berrietan aditua den Pablo Burgueñok egoera zibila faltsutzeak kartzela zigorra eragiten duela azaldu du. Datu faltsuekin profil bat sortzea, berriz, ez da delitua, baina, beste pertsona baten kontuan sartzea bere pribatizazioa haustea litzateke.
Horri aurre egiteko, Burgueño ere kode seguruak erabiltzearen aldeko agertu da.