GARA > Idatzia > Kirolak > Herri-kirolak

SEGA Champions LeagueSega Nazioarteko erako finala

Gabirondo mutiletan eta Garin nesketan, onenak

Gizonezkoetan Lizaso txapeldunaren parean geratu zen, baina gazteluarrak denbora hobeak egin zituen.

p040_f02.jpg

Jon LEUNDA | ZALDIBIA

Joxe Gabirondok, gizonezkoetan, eta Arrate Garinek, emakumezkoetan, irabazi zuten atzo Zaldibian Nazioarteko Erako Segalarien Euskal Liga. 300 ikusle inguru batu ziren azken saioa ikustera; gainera, amaierako ekitaldian bi segalari alemaniarrek ere hartu zuten parte.

Emozioa mutiletan iragartzen zen, bi punturen barruan agertzen baitziren lehen hiru sailkatuak, eta azkeneko unera bitarte emoziorik ez zen falta izan. Azkeneko saioa Lizasok irabazi zuen, eta sailkapen nagusian Gabirondo eta biak berdinduta geratu ziren. Arautegiaren arabera, ordea, puntu berdinketa egonez gero, hiru jardunaldietako denbora batuta denborarik onena zuenak irabazten zuen, eta hiru jardunalditako denborarik onena Gaztelukoarena zenez, berak jantzi zuen txapela.

Gizonezkoetan bost txanda izan ziren, eta hiru faboritoen artean parte hartzen lehena Mitxelena izan zen. Oiartzuarra aise gailendu zen bere multzoan, eta berak jarri zuen denborarik onena. Lizaso bigarrengoan neurtu zen, eta, berea irabazteaz gain, Mitxelenaren denbora hobetu zuen.

Gabirondo, berriz, azkenekoan izan zen, eta berean nagusi izan zen, baina ezin izan zuen Lizaso gainditu, eta puntuetan berdin geratu ziren. Hala ere, hiru jardunaldietako denborak batuta, berea zen onena, eta amaieran txapela jantzi zuen.

Nesketan ez zen ezusterik izan. Garin izan da Euskal Ligako onena, eta atzokoan ere aise irabazi zuen; hala, txapela beretzat izan zen. Aurtengoan denboraldi bikaina egin du.

 
 
Orain Europako Txapelketa geratzen da

Abuztuan jokatuko da Alemanian Europako Txapelketa. Bertara joateko, Gabirondok, Lizasok eta Mitxelenak, mutiletan, eta Garinek, nesketan, segurtatuta dute dagoeneko txartela. Gero, adinaren arabera ikusi beharko da zeintzuk osatzen duten taldea.

Alemaniarrak ez ziren gehiegi nabarmendu

Bi segalari alemaniar izan ziren atzo Zaldibian, baina ez ziren gehiegi ikusi. Jantziak eta segak ezberdinak izan arren, atze samarrean amaitu zuten. Georg Weber izan zen onena, eta berak hamahirugarren amaitu zuen. Stefan Huber bi postu atzerago geratu zen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo