GARA > Idatzia > Iritzia > Jo puntua

Ixabel Etxeberria Irakaslea

Gantz gehiegi jadanik

Dena gezur eta iruzur zenbait enpresen irabazien mesederako. Hori guztia irensteko platera sobera betea da, derrigorrez gibelera jo beharko dute. Herritarrek ez diete lana erraztuko, interes komunik ez baita, apetitu komertziala handiegia. Parisek gizentzeko beste biderik bilatu beharko du, Ipar Euskal Herriaren bizkar gantz gehiegi egina du jadanik

Bi bider bi (2x2) bidea baztertua dela trenkatua omen da. Hain borroka luze eta nekagarriaren ondoren, sekulako indarra eskatu duen borrokaren ondotik, emana izan den nahikeriak izugarrizko emaitza ekarri du. Lan hori herritar guztien onerako da, ondoko belaunaldiek preziatzen ahalko dutena, ingurumen sendoan bizitzeko bidea zaindua izan baita.

Baina, noski, berri onaren ondotik erasoa Hondarribitik heldu da, aireportua laburra gelditu zela eta luzatu beharra zela. Ez omen da trafiko gehiago izanen. Dagoeneko Hendaiako auzapezak, 1992ko hitzarmenean trafikoa 24 joan-etorritan finkatua izan zela gogoratuz, geroztik 60ak gaindituak izan direla zioen prentsaurrekoan. Salaberry jaunak argi du ahaleginak eginen dituela hendaiarrak defenditzeko eta proiektuari aurre egiteko. Bide luzea izanen du, baina laguntza handia lortuko du dudarik gabe, oso eragin kaltegarriak izanen baitira pistaren luzatzearekin eta jadanik aurkezten ari diren proiektu erraldoien kopurua ezin onartua baita hain eremu hertsi eta mugatuan.

Ez baitugu ahantzi behar AHTren urratsak hor direla, eta azpiegitura horiek guztiak martxan ematen direla adostasunik gabe, muga bi aldeak hunkitzen direla, erabakiak Parisen eta Madrilen hartuak izaten direla, gure buruen gainetik, botereen zentralizatze azkartze batekin, instituzioen ukatzearekin gure eremuan, guk jasaten ditugularik horien ondorio guztiak. Orduan bai, izugarrizko nahikeria beharko da horri aurre egiteko, baina argi da hemen herritarrek ez dituztela onartuko, xehatze proiektu horiek oztopo andana aurkituko dutela bidean. Herritarrek ere ikasten baitute, ikusten baitute nola politikariek diskurtsoak erabiltzen dituzten iruzur egiteko. Herritarrek aitzineko esperientziekin ikasi dute, aditu independenteen iritziak hartzen ikasi dute, herri honentzat beste proiektu mota batzuk eraikitzen ikasi dute. Noski boterea badutela Parisen eta Madrilen, noski proiektu horiek inposatzen ahalko dituztela, bideak atzematen ahalko dituztela, baina amore ematen ez badute, autoritarismoa, neurri antidemokratikoak erabaki beharko dituzte, eta denen agerian egin beharko dute. Irakurketa argia izanen da lurralde honen herritar guztiendako. Arriskutsua, politikoki oso arriskutsua izanen da, iritzi publikoa manipulatzen oso azkarrak direla pentsatzen badute ere.

Etengabe energia aurreztu behar dela aldarrikatzen dute gobernu guztiek, etengabe kontrako urratsak ematen dituzte, AHT, aireportu handiagoa hegazkin gehiago ibiltzeko, autopista zabaltzeak kamioi gehiagorentzat, langileak kanporatzen dituzte zama handiendako trenen kopurua txikituko baita, AHT baitezpadako dela hedatzen dutelarik. Dena gezur eta iruzur zenbait enpresen irabazien mesederako. Hori guztia digeritzeko, irensteko, platera sobera betea da, derrigorrez gibelera jo beharko dute. Behintzat herritarrek ez diete lana erraztuko, interes komunik ez baita, apetitu komertziala handiegia. Parisek gizentzeko beste biderik bilatu beharko du, Ipar Euskal Herriaren bizkar gantz gehiegi egina du jadanik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo