KRONIKA Wikipedia, wikilari izan nahi?
Giza ezagutza guztirako sarbide librea, guztiz askea eta euskaraz
Jimmy Wales izan zen 2001. urteko urtarrilean Wikipedia sortu zuena, jatorrian ingelesez sortu bazen ere, urte horretako abenduan euskaraz ere egin zen. Egun, 250 hizkuntzatara itzulia dago. urte gutxitan munduko seigarren webgune bisitatuena izatera iritsi da eta jendeak zerbitzua hobetzeko lanean dihardu.
«Imajinatu mundu bat non planetako pertsona orok giza ezagutza guztirako sarrera librea duen». Esana eta egina, Wikipedia entziklopedia askea; edonork erabil dezakeena eta publizitaterik gabekoa, eleanitza eta arau finkorik gabeko webgunea da. Euskal wikipedia edo euskarazko wikipedia 2001. urteko abenduan sortu zen; gaur egun erabiltzaileak dituen arren, hobetzen jarraitu beharra du.
Honen inguruan aritu ziren UEUko ikastaroetan Galder Gonzalez iruindarra eta Unai Fernandez de Betoño arabarra. Ikastaro teoriko eta praktiko bat eman zuten; helburua, Wikipedian artikuluak egitea zelarik. «Wikilari izan nahi?» izenarekin aurkeztu zuten ikastaroa eta funtsean euskarazko wikipediari bultzadatxo bat ematea zen. Galderrek euskaldunek duten berezitasunaren inguruan hitz egin du, «auzolana», honen ustean, guztion artean elkarlan apur bat eginez, gero eta artikulu gehiago osatzea lor daiteke, oraingoz 40.000 artikulu dira idatziak. Katalanez egindakoak erreferentzia moduan jarriz, haiek 180.000 dituzte sortuak antza, beti ere egoera bestelakoa dela jakina, baina «hizkuntza gutxitu baten erreferente moduan baliagarria da».
Wikipedia erreferentzia gune da Interneten, 2008. urtean Sareko Argia saria eman zioten eta 2004. urteko datuak 1.000.000 artikulukoak ziren. Badaude Wikipediaren fidagarritasuna zalantzan jartzen dutenak, baina entziklopedia askea den aldetik, edonork zuzendu ditzake akatsak. Bost zutabe bereiz daitezke, batetik entziklopedia bat dela, ikuspegi neutrala eskaintzen duela nahiz eta «adostasunak ez duen beti arrazoia», bere erabilera guztiz askea dela, eta bukatzeko azken biak, hitzartutakoen arauak jarraitzen dituela eta ez daukala arau finkorik.
Euskarazko wikipediak fenomeno moduan euskarak txokoa aurkitu izana ekarri du, eta «euskararen normaltasunean beste aurrerapauso bat ere bada». Internetek «euskal komunitate baten sorrera, guztien arteko auzolana» ahalbidetzen du, jendea gehitu egiten den arren asko irten egiten dira, beraz, ezin daiteke esan jende andana animatzen ari denik Wikilari izatera.
Eskatzen duten gauzetariko bat, beldurrik gabe saiatzea eta ekarpenak egitea. Azken finean, Wikipedia webgune askea da. Izan dira blokeoak ere, adibidez 2008. urtean. Zientziologiaren Elizari IP blokeoa ezarri zioten, baina hau gai bereziekin soilik gertatzen da eskuarki.
«Guztien artean dakiguna jartzen badugu, jakintza librea sor dezakegu». Denetariko jendea hurbildu da ikastarora, guztira zortzi pertsona; artean, historialariak, irakasleak, informatikariak... guztiak xede berarekin, noizbait Wikipedian sartu eta ingelesez bilatu beharra izanagatik euskarazko hutsunearen ondorioz.
«Wikipedian idazteko ez duzu ezertan aditu izan beharrik, ez duzu zertan lizentziatua izan...», hau da bidali nahi duten mezua, soilik kontua egin, idatzi eta sartu, besterik gabe.
Aurrerabide onean doan proiektua da euskal Wikipedia. Jendearen ekarpena behar du eta oraingoz erantzuna ez da txarra, badira beren burua errealizatzea dutenak idazteko arrazoi, baita bakoitzaren jakinmina besteengan islatzea edota denborapasa moduan ere ikusten dutenak. Dena dela, «imajina dezagun mundu bat non euskal herritar orok euskarazko ezagutzarako sarbide librea eta osatua duen».
Izaro ARBILLA Kazetaria