EAEko aurrekontuetan gastua nola murriztu aztertzen hasiko dira gaur
Uztailaren 20an Lakuako Gobernuak, Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako aldundiek eta Eudelek bilkura egin zuten, krisi ekonomikoa ardatz hartuta, EAEko instituzioetako aurrekontuen inguruan eztabaidatu eta neurriak adosteko. Lehenengo bileran alor ezberdinak lantzeko sei batzorde sortzea erabaki zuten, eta gaur egingo dituzte aurreneko bilerak. Neurri edo erabaki bateratuak, ordea, «akordioak lortzen badira», ez dira datorren urrira arte iritsiko.
GARA |
Lakuako Gobernuak, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako aldundiek eta Eudelek iragan astelehenean sortutako batzordeek gaur egingo dituzte lehen bilkurak, Exekutibo autonomikoaren Ekonomia eta Ogasun Saileko iturriek atzo jakinarazi zutenez.
Guztira erakunde arteko sei batzorde sortzea adostu zuten aipaturiko instituzioek, eta azaldu zutenez, krisi ekonomikoak sorturiko egoera eta bildutako diru-kopuruaren beherakada aztertu, eta egoerari aurre egiteko ekimenak adostea dute lehen helburua.
Ahaldun nagusien kritika
Batzordeok hainbat gai jorratuko dituzte, hala nola jarduera ekonomiko eta industriala, funtzio publikoa, gastu publikoaren azterketa, gizarte zerbitzuak, lan mundurako sarrera eta udalerrien finantza egoera.
Uztailaren 20an, joan den astelehenean, Ekonomia eta Ogasun Saileko buru Carlos Aguirrek deituta, bilkura egin zuten Lakuako Gobernuko hainbat ordezkarik, EAEko hiru aldundietako Ogasun diputatuek eta Jokin Bidarratz eta Mar Zabala Eudeleko kideek. Aldundietako idazkari nagusiek uko egin zioten bilkuran parte hartzeari, «zaila» zelako hitzordu bat adostea aurrez parte-hartzaileen agendak kontuan hartu gabe. Era berean, instituzioen arteko tankera horretako bilera batean lehendakariak parte hartu beharko lukeela adierazi zuten.
Hartara, haiek ez baina Ogasun ahaldunak joan zitezela erabaki zuten.
Lakuak bilerarako deia egin zuenean azaldu zuenez, instituzioen arteko bilkura hauekin krisiaren ondorioei heldu eta aurrekontuetarako politika bat adostea dute helburu. Besteren artean, gastuen murrizketa hitzartzeko asmoa dute.
Agirrek adierazi zuenez, diru sarreren jaitsierari aurre egiteko ekintza adostuak lortzea espero du, baita beherakada arintzeko zer nolako politikak ezarri behar diren aztertzea ere.
Polemikak inguratuta egin zuten lehen bilkuran, bada, aipaturiko sei batzordeak sortzea erabaki zuten, hurrengo aurrekontuetan gastua nola murriztu ikertzeko. Neurri zehatzak ordea, iristen badira, ez dira urrira arte iritsiko.
Besteak beste, 2010eko aurrekontuetan gastua nola murriztu aztertuko dute Lakuaren eskutik sortu diren sei batzordeek. Elkartzen-ek, prekarietatearen eta bazterketaren aurkako plataformak, aurrekontuetan eskubide sozialen bermeak lehentasuna izan dezan eskatu diete erakundeei.
Horrez gain, etahainbat sindikatuk egin bezala, iruzur fiskalari aurre egiteko eskatu du Elkartzenek.
Izan ere, joan den asteko bileraren harira, iragan astean ELA sindikatuak jarduera hau «oso larria» dela salatu zuen, bere helburua aurrekontuetan murrizketak adostea delako. Zentzu honetan, eta hainbat sindikatu nahiz eragile sozial behin eta berriro esaten ari diren moduan, instituzioek diru gehiago biltzeko giltza zerga politika aldatzea dela adierazi zuen ELAk.
Bestalde, Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak esan zuenez, erantzukizunak eskatu beharko zaizkie «hazienda publikoek diru gutxiago biltzeko politikak bultzatu dituztenei».
Gastua nola murriztuko den oraindik azaldu ez badute ere, ugariak dira instituzioek diru gutxiago bildu dutela eta neurriak hartu behar direla nabarmendu duten ordezkariak. Ildo honetan, ostiralean LAB sindikatuko idazkari nagusi Ainhoa Etxaidek adierazi zuen «gezurra» dela instituzioek aurrekontuei aurre egiteko dirurik ez dutela, eta iragarri zuen kontu publikoen murrizketak eragina izango duela oinarrizko zerbitzu publikoetan. LABek azaldu zuen ere Europako zerga-presioa ezarri eskero, hiru urtetan 23.653 milioi euro bilduko zituztela instituzioek, EAE eta Nafarroako urte bateko aurrekontuaren bikoitza. GARA