GARA > Idatzia > Iritzia > Zirikazan

Josebe EGIA

Koskari heltzeko garaia

Batzuetan, gehienetan egia esanda, inbidia izaten diet munduan gertatzen dena jakin gabe bizi diren horiei, soilik euren arazoetan murgilduta hara eta hona dabiltzan horiei. Izan ere, informatuta bizitzeak bihotzeko minak jota ibiltzea ekartzen baitu. Mahaspasa esatea ere asko da azken bortxaketen berri izanda nire bihotzaren itxura deskribatzeko. «Akusatuak» filma ekarri dit gogora, Jodie Foster mozkortua gizon batek bestearen atzetik bortxatua bestelako gizon-talde erotuak bortxatzaileak txaloka eta txilioka adoretuta. Eszena hori biktimek, bortxatzaileek eta ondokoek hamabi eta hemezortzi urte artean dituztela irudikatze hutsa, garai batean, surrealista, ezinezkoa zitzaigun. Egun, ordea, errealitatea da, eta emakumeenganako indarkeria erabiltzen dutenen gero eta adin txikiagoari erreparatuta, ez dirudi datozen belaunaldietako emakumeak askeagoak edota mendeko, ahul, bizi osorako biktima potentzial bihurtzen gaituzten erasoetatik salbu biziko direnik.

Amorrua sentitzen dut, azken bi kasuon daturik nabarmenena partaideen adin txikia izanda, Adingabeen Legea eztabaidatzen entzuten ditudanean politikariak, kasua eztabaida zahar bati ekiteko aitzakia bilakatuta. Zigor bat edo beste ezartzeko urtebeteko gorabehera arazoaren konponbidea izango balitz bezala. Bortxaketekin amaitzeko koska, gizonok! Amorru bizia sentitzen dut, emakume guztion izenean, unean uneko azken bortxaketa kasuak eraginda osteko ondorioetara errinozeroak paretaren kontra bezala jotzen ikusten ditudanean. Ondorioei begiratu nahi badiete, begira dezatela, geure politikariek legeak egitean eta geure epaileek legeak aplikatzean, ez dadila iruzurrik egin, biktima ez dadila erruduna bailitzan tratatu, zigorrak osoki bete daitezela, justiziarengan konfiantza izateko eta justizia hori norberak administratzeko grinak ez irabazteko jendeak arrazoiak izan ditzala. Ez dirudi-eta, ezer aldatzen hasi aurretik, jada daukagunak behar bezala erantzuten duenik.

Beraz, ondorioekin bazterrak nahasten ibili beharrean, eztabaida, espazio publiko orotan, eragin dezaketenetan, halakoak gertatzearen zergatiak aztertzearekin batera eragin beharko lukete, eta geure burua zuritu gabe, erantzukizunak onartzetik hasi. Onartu, esaterako, hain europarrak, modernoak eta aurreratuak izanda ere, gizarte matxista batean bizi garela, eta matxismo horrek gizarteak dituen arlo guztietan duela bere isla, sexualitatea horietariko bat izanik. Eta besteak beste, umeak, nerabeak, geure seme-alabak azken finean, isla horien pean hazten ari direla. Hezten ari garela. Ildo horretatik, onartu, itzulingururik gabe, emakumea objektu bilakatu nahian jarraitzen dela, desira asetzeko objektua, hutsa, estetikoki perfektua, eduki eta nork bere erara menderatu beharrekoa, eta horrek alde batetik eta emakumeon benetako izaerak, nahiak, duintasunak, borrokak eta lortutako eremu propioak, bestetik, talka egiten dutela, are talka handiagoa buruari gehiegi eragiten ez diotenengan.

Ikusitakoak ikusita, bada garaia-eta benetan garrantzizkoa den koskari heltzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo