«Belagileen trajeria», adimena eta sentipenak pizten dituen pastorala
Atzo estreinatu zen Aloze-Ziboze-Onizegainen aurtengo pastorala, «Belagileen trajeria». Eguzki indartsu baten azpian 1609an lapurtarrak «Ürtu zela nonbait ekia» pentsaraztera ekarri zituen sorginen epaiketen zorigaitzaren berri eman zuten aloztarrek. Hitzetan gogorra eta antzezpenean bizia izan zen emanaldiak jende andana bildu zuen, bai eserlekuetan, baita zuhaitz azpietan ere. Hurrengo urterako Ezpeize-Ündüreine herriak hartuko du lekukoa.
Idoia ERASO| ALOZE-ZIBOZE-ONIZEGAINE
«Belagileen trajeria», edo Lapurdiko sorginen zorigaitzaren berri ematen duen pastorala ikustera hurbildu ziren milaka pertsonak emozioak hartua utzi zuten atzo Alozeko herria. Ttittika Rekaltek idatzitako hitzek gogoa, adimena, iraultzen zuten bitartean aloztarren dantza eta kantuek sentimenduak zituzten airean jartzen. «Azken urteotan ikusi dudan pastoralik politena izan da», esan zuen irtetean ikusle batek.
Bai adimenaren, bai sentimenduen bitartez, edo beharbada bien ezkontzak sortzen duen zirraragatik, ikusleek pastoralean parte hartu zuten. Txaloak, txistuak eta irriak osatu zuten ikusleen laguntza. Batzuetan bilatuak izan ziren erreakzioak, bestetan aldiz, estreinaldiko akats txikien ondorio izan ziren. Astoak agertokia utzi nahi ez eta eta «astokerian» hasi zenekoa edota esaldiaren erdian esan beharrekoa ahaztu eta «kaka! ahantzi dut» erran zuen jokalariarena izan ziren irribarrea eta azkenean txaloak ere eragin zituena, eserlekuetan edo lurrean eserita zeuden lagunak piztuz.
Nahita eragindako irriak ere izan ziren atzokoan. Egoera txarrenetan ere umorea galdu behar ez dela irakaste aldera beharbada. Emakume bat atxilotu eta gero, zikina izateaz gain, bestelako bekaturik ezagutzen ez zitzaiola erranez irribarreak eta zenbait irri ere entzun ziren, esate baterako.
Txalo zaparradak kantu eta dantzekin heldu ziren gehien bat Zuberoako larreetara. Aloze, Ziboze eta Onizeko emakumeen ahotsak bat baino gehiago txunditua utzi zuen, baita gazteek eskaini zituzten dantzek ere. Herriko txikienen parte hartzea musikaren bitartez egin zen eta liburuxka eskuetan batek baino gehiagok lagundu zituen kantuan.
Mendi eta larre artean
Mendi, larre eta zuhaitzen artean herri osoa dantzan eta kantan ikusteak sorginkeria-epaiketak gertatu zireneko garaietara eramaten zuen ikuslea. Ttittika Rekaltek hitzekin Niko Etxartek, Mixel Etxekoparek eta Oihan Oliarj aloztarrak sortutako musikek jarri zioten bertako magiari, edo sorginkeriari, soinua. De Lancre inkisidoreak berak sortzen lagundutakoa.
Erreakzio handienak sortu zituena Rekaltek zenbait «turkesen» ahotan jarritakoak izan ziren, bereziki Pierre De Lancre inkisidorearen esanetan jarri zituenak, ezen berarentzat arazo nagusia zen «Lapurdiko emaztea sü eta garra da, mendian bizi, libre korpitz eta ezpiritüz».
Emakumeen kontra Senpereko Amoue jauntxoak esandako hitzok sortu zituzten txistu gehien: «Emazteak behar dü jakin üken/ Egoiten bere betiko leküan/ Sorgiñkeria horier üko egin/ Ta jarri gizonaren zerbütxüan!». Hauek ez ziren mota horretako hitz bakarrak izan, aurtengo pastorala esaldi gogorrez jantzia baitzegoen.
De Lancreren erretira entzun eta gero, bi satanak etorri ziren ikusleei beren iritziak ematera, eta hain izan ziren gogorrak inkisidorearen hitzek aditzera ematen zutena Behemotek Büljiferri «Gaixo emazte kenteak/ Gorria Beharko dik txeste» esaten entzun ahal izan zela.
Harridura eta eztabaida
Aurretik esana zuten, bai idazleak, baita protagonistaren papera egiten duen Ihitz Iriart Casenavek ere, aurtengoa esanetan berezia zela. Lehenak harridura eta eztabaida sortzekoa zela eman zuen aditzera, eta bigarrenak zenbait unetan «gordina» izan ahal zela adierazi zuen, matxinatzeko gogoa ematen zuena. Bien hitzak bete ziren atzo, eta ikusleek horrela adierazi zuten.
Pastorala hasi eta berehala Satanerian Büljiferren Behemoti esan zizkionak harridura eta txistuak eragin zituen: «Diratekealarik süz hartürik, /Bular frijitu eta, / Üzküzilo (ipurtzulo) tzokartürik!». Argi gelditu zen sorginen kontra egindako epaiketetan eta horren barnean egin ziren torturei buruzko hitzetan ez zituela idazleak hitz goxoak eta metaforak bilatuko.
Torturari buruzko kantua ere izan zen emakumeen ahotsetan. Ahots goxoak hitz bortitzak emanez. «Lehenik bilaizi güntüen /Eta erdian ezarri (...) Kordeletatik lotürik eta (...) Oihü nigar otoitzen eta/Horiek entzütera jinik hor».
Emakumeen kontra egindako erasoez gain, Estatuen indarkeria eta herrien, bereziki Euskal Herriaren kontrako politika ere hartu zituen pastoralak mintzagai. Boteretsuen boterea indartzea zuela xede Lapurdiko seiehun emakume, haur eta gizon hil zituzten sorginkeria epaiketek. Apaizak ere izan ziren erailak eta Elizaren falta nabarmenduz zenbait elizgizonen ulertu ezinaren berri ere ematen zuen pastoralak: «Beti ospatu dena/ Gaurti beta pekatu». Euskaldunen ohiturak deabrutzeko egin zen lana ere erakutsi nahi da bertso horietan.
Euskara hizkuntza bera ere nolako mespretxuz izan zen tratatua aipatzen duten zenbait bertso badira. Antzezpena bera gure hizkuntzaren defentsarekin bukatu zen: «Aloze, Ziboze et Onize/ Eüskarari gira etxekiak/ Dakian bakotxak mintza dezala/ Goza dezan bihar Haurñiak». Euskal Herriko hizkuntzarekiko maitasuna erakusten zuten bertsoek amodioari berari eskainitako «Liho hurak» kantarekin egin zuen bat. «Amodioak ürra bitza plazer minak».
Bai adimenaren, bai sentimenduen bitartez, edo beharbada bien ezkontzak sortzen duen zirrararengatik, ikusleek ere pastoralean parte hartu zuten. Txaloak, txistuak eta irriak izan ziren haien parte hartzeko modua.
Erreakzio gehien sortu zituenak idazleak zenbait «turkesen» ahotan jarritakoak izan ziren. Emakumeen kontra esandako gaiztakeriak ikusleak asaldatu eta haien txistu hotsak eragin zituen.
Emakumeen kontra egindako erasoez gain, Estatuen indarkeria eta herrien, bereziki Euskal Herriaren kontra egindako politika hartu zituen mintzagai pastoralak, sorginkeria epaiketek indartsuen boterea indartzea zutela xede adieraziz.
«Taula gainera igotzen zaretenean plazerrez egin eta `tripekin' jokatu», esan zien Jan Pierra Rekalt errejentak pastoraleko laurogeita hamar aktoreei agertokira igo baino lehen. Batzuek nerbioak zirela-eta ezin izan zituzten zuzendariaren jarraibideak bete, baina beste batzuek ondo baino hobeto bete zituzten gomendioak eta ikusleen txalo zaparrada bat baino gehiago ere irabazi zuten. Bereziki «turkesen» edo gaiztoen artean ikusi ziren erreakzio handienak. Emakumeen gaiztakeriari buruz hitz egitean edo ezarri behar ziren zigorrak aipatzean. Batzuengan inprobisazio txikietarako gogoa ere piztu zen, turkesen aldeko burges baten kasua izan zen, joatean ere bere esaldiaren indarra ikusita, indarrarekin errepikatu zuela.
Ibiltzeko maneran eta pausoetan pastoralak arau oso argiak dituen arren, aurtengoan pauso horiek emateko maneran indar berezia hartu zuen. Turkes taldea agertokira agertzen zenean ikusleak ere mugitzen ziren, irribarreak eta mirespen keinuak nabarmentzen ziren. Musikak asko lagundu zuen horretan, perkusioak indarrean eta biolin eta biolontxeloak goxotasunean.
I. E.