GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Hiritarren parte hartzea bultza nahi duten bestak hasiko dira bihar Baionan

Bihar hasiko dira Baionako bestak, bost gauez eta lau egunez ehunka mila pertsona elkartuko dira kontzertu, antzerki, dantza, yoga... eta nola ez parrandaz gozatzeko. Bestalarien partehartzea bilatzen duen txapa eta besta giroa Ispiritu Saindua auzora zabaltzea izango dira aurtengo berritasun batzuk. Bestalde elkarteen eta kolektiboen partehartzea ohikoa bada ere beti zerbait berria ekartzen diote hiriburuko jai giroari.

p018_f01_250x121.jpg

Idoia ERASO |

Baionako Herriko Etxeak besta egitarau zabala antolatu du aurten, eta Aturriren beste aldera ere zabalduko du. Hiritarren eta bestazaleen parte hartzea bultzatzeko «Bestak ederragoak izan daitezen» leloa duen txapa ere atera du Herriko Etxeak, euro batean erosi eta soinean eramateko. Horren bitartez baionarrek ordaindu beharreko gastuak txikitzeaz gain, gertatu ohi diren istiluak ekiditeko xedez bestazaleen engaiamendua handitu nahi da.

Engaiamendu hori aurtengo txaparik gabe ere urteak dira badela, hainbat elkarte eta taldek ekitaldi ugari antolatzen baitituzte urtero. Parte hartze hori hainbat arlotan islatzen da, kulturan, segurtasunean eta ingurumenean besteren artean.

Planning familiale elkarteak bestetan zehar egonaldiak egingo ditu hirigunean. Bertaratzen direnek sexu harremanei, gaixotasunei eta prebentzioari buruzko informazioa jasotzeko aukera izango dute.

E-bestak

Baionako Carnet izeneko Ipar Euskal Herriko blogarien taldeak irekiera alternatiboa egitea proposatu du. Internet zale guztiei beren argazki eta testuak USB giltzen bitartez helaraztea proposatzen dute, gero www.bayonne-usb.net helbidean argitaratzeko. Hiriko geltokiaren inguruan dagoen Rail Bayonnaisen izango da bloglarien taldea gaueko hamarretatik aurrera.

Slow Food nazioarteko erakundeko partaide den Bizi Ona elkarteak, bestalde, haurrentzako piknika egingo du. Bertako ekoizleen produktuekin eta ahal delarik nekazaritza ekologikokoa baliatuta, haurren egunean, ostegunean, Poternen ogitartekoak eta pastizak eskainiko dituzte.

Segi erakundeak gazte eguna antolatu du abuztuaren 1erako. Goizean hasiko den triki-poteoaren eta bazkariaren ondoren ekitaldi nagusia eta kontzertuak izango dira Patxa plazan.

KARRIKALDIa

Euskal kulturak jaietan ere tartea izan dezan Karrikaldia erakusleiho bilakatuko da. Gune eta une ezberdinetan dantza, kantua eta bertsoak izango dira. Kantuz egingo da egunero arratseko zortzietan.

PREBENTZIOA

Planning familiale elkarteak bestetan zehar egonaldiak egingo ditu hirigunean. Bertaratzen direnei sexu harremanei, gaixotasunei eta prebentziori buruzko informazioa emango die.

Bestetan karriketan jartzen dituzten kamerak, hiru urte eta gero oraindik eztabaidagai

Baionako Herriko Etxeak duela hiru urte jarri zituen abian bestetako segurtasun neurrien artean hiria «zaintzen» duten kamerak. Gaur egun bi milioi euro baino gehiagoko aurrekontuaren %80 hartzen du segurtasunak. Sistema orokorrarekin oso pozik agertu da Udala, kamerak barne. «2007an segurtasun neurri horiek abian jarri genituenetik arazoak erdira jaitsi dira», adierazi zuen Roger Reiz komunikazio arduradunak. Segurtasun neurri horietan zerrendan Reizek aipatu zuen lehena Polizia izan zen, ondoren kamerak eta atzetik segurtasun langak eta atsedenerako guneak.

Duela hiru urtetik gertatu ohi den bezala, kameren ezarketak eztabaida sortu du gizartean, nahiz eta denboraren poderioz, gero eta eleta gutxiago eragiten duten. «Justuki hori salatzen dugu, jendeak ez du horri buruz hitz egiten. Pixkanaka bideo-zaintza eta poliziekin ohitzen ari dira. Orain bestetarako jarri eta gero kentzen dituzte, baina jendea ohitua izanen delarik hor izanen dira urte osoan», adierazi zuen Xan Etxebertze baionarrak.

Segurtasun neurriek izan duten eraginari buruz ere iritzi ezberdinak dira jendartean. Herriko Etxeko ordezkariek duela bi urte Pilori iturriaren ondoan gertatu zen liskarra ekarri zuten gogora. «Borroka bat hasi zen eta han dagoen kamerari esker polizia berehala bertaratu eta zerbait larria gertatu baino lehen geldiaraztea lortu zuten», nabarmendu zuen Reizek.

Etxebestek, bestalde, iaz Tonneliers karrikan gertatu zena aipatu zuen. «Kontrol poliziala handitzen ari da eta hori onartua denez baliatzen dute». Baionako bestak aspalditik antolatzen direla ekarri zuen gogora eta segurtasun arazoen aurrean onena «baionarrei erreakzionatzen uztea» dela adierazi zuen. I. E.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo