GARA > Idatzia > Kirolak > Herri-kirolak

SOKATIRA

Goiherri pisu guztietan jaun eta jabe izan da

p037_f02_28779.jpg

J.L. | DONOSTIA

Goiherrik irabazi du azkenean 580 kilotako txapela ere. Hartara, Euskal Herriko lur gaineko guztiak eraman ditu. Bizkaitarrak izan dira nagusi, eta jokatutako lau txapelekin amaitu dute Euskal Herriko denboraldia.

580 kilotako azkeneko bi jardunaldiak jokatu ziren larunbatean eta igandean. Bat jokatuta zegoen, eta hura Goiherrik irabazita zuen. Beraz, ia ezinezkoa zirudien inork berdeei aurrea hartzea, eta horrelaxe izan da.

Getxoko jardunaldia ere beraiek irabazi zuten, eta horrekin txapela ia segurtatuta utzi zuten. Gaztedik amaitu zuen bigarren postuan, eta atzetik Mutriku eta Getxo. Azkena, berriz, Goiherri B.

Beraz, larunbatekoa amaituta, jardunaldi bakar baten faltan, Goiherri lehen postuan zegoen, eta bigarren Gaztedi. Hauek bakarrik zuten txapela kentzeko aukera, baina ez zuten nahikoa lehenbiziko amaitzea bakarrik, Goiherrik hirugarren postutik atzera geratu beharra baitzuen, eta horrek ia ezinezkoa zirudien.

Gaztelun ere ez zen ezusterik izan. Goiherri berriro ere jaun eta jabe izan zen, eta beraientzat izan zen txapela. Atzetik sailkatu ziren Gaztedi, Mutriku, Getxo eta Goiherri B.

Beraz, hiru jardunaldiak amaituta, ez zen inolako ezusterik izan, eta txapela Erandio aldera joan zen. Sailkapen nagusian, Goiherri izan da lehenengo. Bigarren sailkatu da Gaztedi, hirugarren Mutriku, laugarren Getxo eta azken postuan, berriz, Goiherri B.

Honekin amaitu da Euskal Herriko denboraldia, eta lur gainean Goiherri jaun eta jabe izan da, goma gainean Abadiño izan zen bezalaxe. Erandiokoek, 680ko, 640ko, 600eko eta 580ko txapelak jantzi ditu, eta gainerako guztien gainetik agertu dira.

Gaztedi ahalegindu da, pisu guztietan bigarren geratu da, baina ezin izan dute Goiherriren nagusitasunaren aurrean ezertxo ere egin.

Aizkora

Urrezko Aizkolarien Txapeldunen Ligako saioa jokatu zen larunbatean Gasteizen, eta Arrospidek ez zuen hutsik egin, bera izan baitzen lan guztiak burutzen azkarrena. Bere atzetik sailkatu zen Lopez, eta azkena, berriz, Arria V.a izan zen.

Leaburukoaren nagusitasuna erabatekoa izan zen, eta ikusitakoaren arabera, Nazabalen aurkaririk sendoena izango da Larretxearekin batera. Urteak aurrera doazen arren, Anjel sasoiko dago, eta aurrean zituen beste bi aizkolariak bera baino dezente gazteagoak izan arren, ezin izan zuten ezer egin Leaburukoaren nagusitasunaren aurrean. Sailkapen nagusiari, oraindik ez dago gehiegi erreparatzerik, izan ere, aizkolariek ez dituzte saio kopuru berak jokatu. Hala ere, jokatutako guztiak irabazita Nazabal agertzen da, eta, dudarik gabe, bera izango da lehiaketa hau irabazteko ere faborito nagusia. Larretxea eta Arrospide ere lan oso ona egiten ari dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo