GARA > Idatzia > Kirolak > Pilota

Baionako Masterra

Irujo eta Xala izango dira lehiaketako berritasun

Nafarrak Sorhuet izango du aurrean, eta Lekuinekoak, berriz, Harizmendi atzean. Ibarrola-Ozafrain eta Waltari-Kurutxari izango dira beste bikoteak.

p037_f01_27259.jpg

Jon LEUNDA | BAIONA

Martinez de Irujo izango da bihar Baionan abiatuko den Masterreko izar nagusia. Ezker paretako bakarkako txapeldunak, ordea, ez du lan samurra izango lehiaketa honetan, finalerdietan oso aurkari zailak izango baititu aurrez aurre. Nafarrak Sorhuet izango du lagun.

Xala izango da ezker paretatik etorriko den beste pilotaria. Honek Harizmendi izango du kide, baina hauek ere aurkari gaiztoak izango dituzte aurrez aurre, Binakako txapeldunen aurka jokatu beharko baitute finalerdietan.

Aipaturiko bi biko horiez gain, Ibarrola-Ozafrain eta Waltari-Kurutxari izango dira Master honetan arituko diren beste bi bikoak. Faltako dena, Paxkal Ezkurra izango da. Urruñakoa hasi da jokatzen bere lesio larria gainditu ostean, uste baino askoz ere lehenago, sei hilabetez geldirik egon beharko zuela esan baitzioten, baina jadanik jokatzen ari da.

Hala ere, oraindik ez dago sasoi betean. Bere helburua uda honetan partidak jokatuz sasoia berreskuratzea da, gero Superprestigiorako mailarik onenean egoteko. Horregatik, denen artean aurtengoan Masterra ez jokatzea erabaki dute.

Baionako festetan jokatzen den lehiaketa honek izugarrizko ikusmina pizten du; oraingoan hori areagotu egingo da, eta finalerdiak zein finala ikusteko harmailak leporaino betetzea espero da.

Lehen finalerdia bihar bertan jokatuko da. Sorhuet eta Martinez de Irujo Waltariren eta Kurutxariren aurka neurtuko dira. Irujok parte hartze zaila izango du, nahiz eta aurrean Sorhuet izan. Aurkari beldurgarriak dituzte. Waltarik aitzinetik jokatzen du, eta gainera Modernen. Kubatarrarentzat kristalezko trinketeak oso aproposak dira, eta egun txarra ez baldin badu, zaila izango dute bera finaletik kanpo uztea.

Bigarren finalerdian, egungo binakako txapeldunek, Ibarrolak eta Ozafrainek, Xalaren eta Harizmendiren aurka jokatuko dute. Partida hau ostegunean izango da. Binakako txapeldunak dira faborito garbiak. Oraindik biak sasoian daude. Ozafrain sekulako partidak egiten ari da, eta ongi dagoenean berari atzean mina egitea zaila izaten da. Ibarrola, berriz, aurrean artista da. Gainera, sakearekin asmatzen baldin badu, sekulako triskantza egin dezake.

Bi finalerdiak, bai biharkoa bai etzikoa, arratsaldeko zortzietatik aurrera jokatuko dira. Bi finalerdi hauetan irabazle ateratzen direnek elkarren aurka jokatuko dute finala igande eguerdian, 11.00etatik aitzina Moderne trinketean. Ez da ahaztu behar, txapelketa hau dela Binakako ofizialaren atzetik, trinketean binaka jokatzen den txapelketarik garrantzitsuena.

Neurketak

Finalerdiak bihar eta etzi jokatuko dira, eta biak 20.00etatik aitzina izango dira. Finala, berriz, igandean jokatuko da, 11.00etatik aurrera. Partida guztiak Moderne trinketean izango dira.

Faboritoak

Ibarrola eta Ozafrain izango dira irabazteko faborito nagusiak, beraiek baitira binakako txapeldunak, baina Waltari eta Kurutxari ere oso kontuan hartu beharko dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo