GARA > Idatzia > > Kirolak

«Nire helburua ahalik eta hobekien eta lehiakor bueltatzea da»

p038_f01_97x160.jpg

Abel BARRIOLA

Aspeko pilotaria

Leitzarrak eskuin belauneko aurreko lotailu gurutzatua hautsi zuen iragan apirilaren 5ean partida bat jokatzen ari zela. Hilabete berean ebakuntza egin ostean, infekzioa izan zuen. Ezusteko hori gainditu ostean, Valentziara abiatu zen La Calderona errehabilitazio zentroan bere lesioa sendatzera. Goiz eta arratsalde ari da bertan gogor lanean, astelehenetik ostiralera, abuztuaren erdialdera arte.

Imanol CARRILLO |

Errehabilitazio egun gogor baten ondoren harrapatu dugu Abel Barriola lasai Valentziako etxean. Ohikoa duen jatortasunarekin erantzun die gure galderei.

Zer moduz zaude Abel?

Egia esan, nahiko mantso doa errehabilitazioa, batez ere ebakuntzaren ondoren infekzio bat izan nuelako, eta horrek beti atzeratzen du prozesua. Hilabete bat geldi egon ondoren, belaunean atxikidurak sortzen dira, eta hauek kentzea gehiago kostatzen da. Hala ere, ondo nago. Astetik astera hobekuntza nabaritzen dut.

Eta gogo-aldartez zer moduz?

Ongi nago. Errehabilitazioa nahiko luzea eta nahiko pisutsua da; ordu asko gutxi hobetzeko, baina buru-belarri nabil lanean.

Zer lantzen ari zara zehazki?

Ebakuntzaren ondoren, belaunak indar asko galtzen du. Bere gradua edo flexibilitatea hartu behar du eta muskulatura berreskuratu behar da, eta fase horretan nago. Graduak oraindik ez ditut errekuperatu eta hanka pixka bat indartzen ari naiz.

Nola gogoratzen duzu lesioa izan zenuen unea?

Barruan zerbait hautsi zela nabaritu nuen, baina momentu horretan gure burua engainatzen dugula uste dut, eskuz banakakoa hurbil baitzegoen eta entrenamendu asko eginak bainituen.

Meniskoa izatea nahi nuen nik. Barrura sartu nintzen, Txema Urrutia medikuak bendaje antzeko bat jarri zidan eta korridorean lasterka pixka bat eginez probatu nuen, baina egonkorra ez zela nabaritu eta ez ateratzea erabaki nuen. Zerbait larriagoa izan zitekeela ere pentsatu nuen aldageletara sartu nintzenean izerdi hotza bainuen eta zorabio txiki bat eman baitzidan.

Lesioak beti dira mingarriak, baina min handiagoa eman al zizun Buruz Buruko Txapelketa jokatzerik izango ez zenuela jakiteak?

Bai, mina beti ematen du. Pilotari guztiok esaten dugu txapelketarik garrantzitsuena eskuz banakakoa dela, exijenteena delako, pilotari osoena definitzen duelako. Gainera, lanak nahiko aurreratuak nituen eta ez zen asko falta txapelketa hori hasteko, baina kantxetatik hainbeste denbora kanpo egon beharrak eman zidan pena handiena.

Azken finean, atzerapauso bat da, berriz ere hankari ibiltzen erakutsi behar diozulako. Pixkanaka pilotari hobea izatea duzu helburu beti, eta hori asimilatzeko nahiko gogorra da.

Zure ibilbideko unerik txarrena dela esango zenuke?

Pilotari batek bere karreran, kirolari gisa, pertsona gisa, gorabeherak ditu. Momentu onak eta txarrak izaten dira, eta argi dago denboraldi hau momentu txarren artean dagoela. Baina bizitzaren parte da eta aurrera egin behar da. Inork ez du hau gertatzearen errua.

Animozko hitzak ere jasoko zenituen denboraldi honetan. Norbait aipatu behar bazenu?

Ez nuke bat aipatuko. Kideak, pilotan jokatzen duten lagunak, nire koadrila, bestelako jendea... Gutun batzuk ere jaso ditut, posta elektronikoz... izan ditut animo hitzak, eta ikaragarri eskertzen da, horrelako momentuetan beti laguntzen dizulako aurrera egiten eta lesioa gainditzen.

Ba al duzu denborarik Valentziatik pilota partidak ikusteko?

Valentzian ezin dut pilota partidarik ikusi. Ohi baino denbora gehiago daramat pilota partida bat ikusi gabe eta kantxa bat zapaldu gabe. Etorriko dira partidak ikusteko aukera eta frontoian jokatzeko aukera.

Une latz hauetan etxea, eta familia eta lagunen hutsunea inoiz baino gehiago sumatuko duzu...

Etorri naizenetik jendearekin eman dut denbora gehiena. Lagunak ere etorri dira bisitan, eta errazago eramaten da horrela. Nahiago nuke han banengo, baina horrela suertatu da. Hala ere, asteburu honetan ere -iragan asteburuan- joango naiz bisitan. Mesede egiten du herrira joateak, familiarekin eta lagunekin egon, mendira joan belauna indarberritzeko, eta ondoren Valentziara itzuli errehabilitazioa jarraitzeko.

Noizko uste duzu egongo zarela kantxara bueltatzeko prest ?

Oraindik ez dut horretan pentsatzen. Beti jartzen diozu nahia Lau eta Erdiko Txapelketari, baina honelako lesio bat izatean belauna ehuneko ehunean gelditzen dela ziurtatu behar duzu.

Behin itzulita, zein izango da zure helburua?

Nire helburua, lehenik eta behin, belauna ehuneko ehunean sendatzea da. Ondoren, noski nahiko nukeela Irujo, Aimar Olaizola, Oinatz Bengoetxea, Gonzalez, Xala, Beloki, Begino... pilotari handi horien artean egotea. Beti gustatu zait txapelketa, niretzat pilotan dagoen garrantzitsuena baita. Beti saiatu izan naiz lehiakorra izaten eta ez nuke pilota lehiakortasunik gabe ulertuko. Beraz, nire helburua ahalik eta hobekien eta lehiakor bueltatzea da.

Beste era batean ikusiko al duzu aurrerantzean pilota?

Era honetako lesioak izaten direnean batzuetan ikuspuntua edo pilota bizitzeko modua aldatu egiten dela esaten da askotan. Oraingoz ez dakit aldatuko zaidan edo ez. Belauna errekuperatzeko ahaleginean ari naiz orain, baina egia da honelako lesioa gertatzen denean pilotan jokatzea beste era batean baloratzen duzula.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo