Kubako Iraultzak bizirik dirau, eta erreferentzia da mundu osoko herri eta pertsona askorentzat
Igaro da aurtengo uztailaren 26a. Baina, abestiak dioen bezala, munduan zehar asko eta askorentzat «siempre es 26». Kuban, iraultzaren urteurrena adierazten duen egun hau aldarrikatzeko eta ospatzeko ez ezik, autokritika egiteko baliatu dute aurtengo 26a. Aurtengoa eta Sierra Maestrako iraultzaileak Habanara heldu zirenetik honako guztiak. Horrela ez balitz, ezinezkoa litzateke-eta Kubako Iraultza oraindik bizirik egotea. Nolanahi ere, argi dago zailtasunak handiak direla uneotan Kubarentzat. Nazioarteko krisiaz gain, aurretik konpondu gabe zituzten hainbat auzi konpondu behar dituzte orain kubatar agintariek. Raul Castrok boterea bere gain hartu zuenetik, sistemak aldaketa sakonak behar zituela aurreikusten zen. Halere, ezin zaio berari aurpegiratu egoeraren ardura, ez behintzat gainontzeko buruzagiei eta Alderdi Komunista osoari baino ardura handiagoa. Kubako Iraultza ez baita sekula gutxi batzuen lana izan, epe luzeko asmo kolektiboa baizik. Hartara, kubatar buruzagiek aurrean duten erronka handia bada, gauza handiak egiteko gauza den herria izan beharko du kontuan. Hor du indarra, eta horrek sortzen du mirespena mundu osoan barrena.