GARA > Idatzia > Iritzia > Txokotik

Gari Mujika Kazetaria

Patxi Lopez txosnetan parrandan

Kanpora ateratzea besterik ez dago, nor bere etxean bezala inon ez dela egoten konturatzeko. Mila arrazoi eman daitezke, baina uda izanik bakarra izendatuko: parrandak. Euskal Herritik kanpo ere zintzurrak bustitzen eta jai giroan ibiltzeko aukerak badaude, noski, baina hemen bezalako jai ereduak gutxi izango dira. Herrikoiak, parte hartzaileak, parekideak, euskaldunak... Eta gainera gizarte oso bati inposatu nahi dioten isolamendua apurtzeko bertutea daukate. Baina aurkariak ere badaude, betiko moduan, betikoak.

Azken ekinaldiaren berri orain gutxi eman zuten. Euskal preso politikoekiko elkartasuna kolpatzeko apustuan, bide batez, hurrengo urteetan txosnak desagerrarazi nahi dituzte jaietan. Batzuk bakarrik, esango dute. Baina eredua bera jomugan. Alderdi batekoa edo bestekoa izan, jende gutxi egongo da, seguru, noiz edo noiz txosnetan ibili ez dena. Baina, tira, herri honetako politika ulertuko duenik oraindik jaio ez denez. Ulertzen ez dudana da ea nolatan inortxok ez dien esaten behingoagatik euren eginkizunak betetzen hasteko. Sekula irabaziko ez dituzten apustu hutsaletan tematzen segitzen dute. Ankerkeria galanta, gizartean arazoak sortzeko bakarrik balio duela jakitun izanda. Apustu itsu horren ikur gisa aurkezten zaigun Patxi Lopezek, hauteskunde kanpainan, Kursaalen, entzun diodan esaldirik zentzudunena bota zuen. Bertan, PSOEko gazte saileko kideak zituela, gazteek kritikoak izan behar dutela esan zien, konformagaitzak, borrokalariak, eta berak gaizki egiten zuena esan egin behar zitzaiola, «konplazentziak eta itxurakeriak albo batera utzita, nahiz eta haserretu». Gazteen zeregina horixe dela esan zien, beti aurretik joanez bidea zabaltzea.

Lehenago konturatu ez bada, uda honetan aukera galanta dauka. Eman dezala Euskal Herriko jaietatik itzulia eta ikus dezala bertatik bertara herri mugimenduaren ekarpena, gazte mugimenduaren osasuna eta benetako Euskal Herria zein den. Bere alderdiko gazteek nahikoa izango dute Facebook-en aritzearekin, baina milaka gazte izango ditu prest seguru arrazoizko kritikak aurpegiratzeko. Bere kanpainako leloak zioen moduan, «elkargune» polita izaten da txosnagunea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo