GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Lapurdiko hegoaldeak eta Txingudik urak batera tratatuko dituzte

Lapurdi Hegoaldeko Herri Elkargoak 2007an hartu zuen ur zikinen tratamendua Hondarribiko ur araztegian egiteko hautua. Geroztik hainbat oztopo gainditu behar izan dituzte, besteak beste, Madrilgo Gobernuarenak. Atzo ireki zen Hendaian ura biltzeko planta.

p015_f01_200x133.jpg

Maite UBIRIA |

Herri elkargoko presidente eta Biriatuko auzapez Michel Hiriartek argi eta garbi esan zuenez, «erabakiak bertan hartzen ez direnean sortzen dira arazoak», Madrilgo Gobernuak Behobiako zubia erabiltzeko jarritako trabei buruz mintzatuz. Hala ere, Bidasoaren bi aldeetako herrien artean ur zikinak tratatzeko egitasmoa abian da.

Hiriartekin batera herri elkargoko hainbat herritako ordezkariak ere bildu ziren atzo Hendaian. Harrera herriko ordezkariekin batera Urruñakoak eta Getariakoak ere izan ziren Joncaux lantegi eremuan egin zen ekitaldian.

Bidasoaren bi aldeetan urak tratatzeko lanak arras aurreratu da azken urteotan, horien artean Lapurdi Hegoaldeko hainbat herri eta Txingudiko eskualdea lotuko dituen ubidea. Lapurditik abiatu eta Pausu-Behobiako zubia zeharkatzen duen ubidearen bitartez Urruñako auzo batzuek eta Hendaia eta Biriatu herriek urak Txingudiko partzuergoak Hondarribian duen plantara eramango dituzte. Bertan tratamendua jaso eta urak itsasorako bidea hartuko du.

Europar Batasunak finkaturiko arauak betetzeko bidean, ordura arte ura tratatzeko erabiltzen ziren sistemak birmoldatzeko agindua eman zuen Pirinio Atlantikoetako prefekturak 2006. urtean. Ikerketa batzuk agindu eta gero, Txingudiko eskualdearekin hitzarmena sinatzeko deliberoa hartu zuen Lapurdi Hegoaldeko Herri Elkargoak. Ubidea egin ondoren, Joncauxeko eremuan ur zikinaren lehen iragazketa egiteko balio duen planta eraiki dute.

Urtetako lana oraindik

Aitzina begira, egungo putzu beltza ur bereizketa ahalbidetuko lukeen gune bilakatzea da lehentasuna. «Urtetako lanak badira oraino», aitortu zuten herri elkargoko ordezkariek atzo goizean.

Azkenean 5.000 biztanleri eragingo dien egitasmo bilakatu da eta, horren ondorioz, herritarrek ur zikinen tratamendu «hobea eta merkeagoa» jasoko dutela nabarmendu zuten hautetsi lapurtarrek.

Hitzarmenari esker, alde batetik, Hondarribiko ur araztegia bideragarriagoa izango da, orain arte zeuden beharrentzat handiegia baitzen. Bestetik, «herritarrek zerbitzu merkeagoa jasoko dute, ez baita planta berri bat eraiki beharko», azaldu zuen Hiriartek.

Baionak ura izango du beste hamar urtez

Baionako Herriko Etxeak eta ur tratamendurako Ura sindikatuak hitzarmena sinatu zuten atzo. Abenduaren 31n bukatu zen kontratua. Negoziazio gogorren ondoren atzo berritu zen, eta hamaika urteko iraupena izango du. Horri esker, iturriko kalitatezko ur zerbitzua eskainiko zaie baionarrei.

Kanbo eta Itsasuko iturrietatik jasotako ura, tratatu ondoren, 50.000 biztanleren etxeetara heltzen da. Baionari eta beste hamasei herriri eskaintzen die zerbitzua Ura sindikatuak.

Hitzarmen berria 2019ko abenduaren 31ra arte luzatuko bada ere, 2015ean akordioa berrikusi egingo da erabakitako estatutuetan beharrezko aldaketak egiteko. Atzo sinatu zen akordioan Kanbo eta Itsasu herriei lehentasuna ematen zaie ur banaketan.

Sindikatuko presidente Dominique Daguerre honela mintzatu zen: «Hitzarmen orekatua da, ona da bai Baionako hiriarentzat, baita sindikatuarentzat». Hala ere, aitortu zuen hitzarmena sinatzeraino beharrezko izan diren negoziaketak zailak izan direla.

Ura sindikatua 1969an sortu zen eta hiriburuarekin hogeita hamabost urte daramatzate elkarlanean. Idoia ERASO

AURREKONTUA

Hendaiako Joncaux eremuan eginiko lanetan 650.000 euro inbertitu dituzte. Diru kopuru horretatik 480.000 euro atzo martxan jarri zuten planta eraikitzeko erabiliko dituzte, eta gainerakoak ura bultzatzeko sistema egiteko izango dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo