Fermin Leizaola: «25 urtetako material bilketa saritua ikusi dut»
Fermin Leizaola etnografo eta ikertzaileak jasoko du estreinakoz banatuko den Ondare Saria. Gipuzkoako Aldundiak sustatutako egitasmoak ondareari «behar bezalako» balioa eman nahi dio eta aurten Leizaolak bere emaitzak zabaltzen egin duen lana hartu dute aintzat.
Itziar AMESTOY | GASTEIZ
Fermin Leizaolak egindako ikerketa lana, baina batez ere «lan horien emaitzak gizarteratzean egindako lana» saritu nahi izan du Gipuzkoako Foru Aldundiak lehen Ondare Saria emanda. Etnografo eta ikertzaile donostiarrak bere esker ona eta sari honek bere lana balioesten duela adierazi zuen atzo, saria ezagutzera eman zen egunean. «Aurreko astean jakin nuen nik, eta azken 25 urte hauetan egin dudana aintzat hartua dela nabaritu dut».
Ondare Sari hau ematen den lehen aldia da aurtengoa, baina hemendik aurrera bi urtean behin emateko asmoa azaldu dute; izan bazutelako, esan dutenaren arabera, ondarearen mesedetan lan egiten duten pertsonei zuzendutako sari bat sortzeko asmoa. Lehena izateak ez dio «erantzukizuna gehitzen» Leizaolari, berak ziurtatu duenez. «Iaz erretiroa hartu nuen, beraz, orain arte egindako guztia hartu dute kontuan, hots, material etnografikoaren erosketa, prestakuntza, informatizatzearen pausoa, fitxa egitearena eta abar». Lan mundutik at egon arren, ordea, ikerketak egiten jarraitzen duela argitu du etnografoak. Horretan jarraitzera animatu du Aldundiak, «euskaldun guztiontzat eta gipuzkoarrontzat, bereziki, hain beharrezkoa» dela uste baitu.
Horrez gain, Aranzadiko Etnografia saila zuzentzen jarraitzen du. Elkarte honetan egin du Leizaolak orain Aldundiak saritu duen lanaren zati handi bat. «Egin duen bilketa lanari esker eta era guztietako zabaltze bideak erabiliz bultzatu duen ondare etnografikoaren inguruko sentsibilizazioari esker» Euskal Herriko ondarea -eta Gipuzkoakoa bereziki- ezagunagoa eta hobeto zainduta dagoela uste dute sariaren arduradunek.
Ezohiko egoera batean jaioa
Sari hau ez da orain ezerezetik jaio. «Ezohikoa den egoera» baten inguruan sortu dela gogorarazi dute Aldundiko ordezkariek, hau da, Gipuzkoako Ondare Gordailuaren lehen harria jarri baita. Bertan, egun San Telmoko, Aldundiko, eta oro har Gipuzkoako intereseko ondarearen arkeologia eta materialak gordeko dira, hauek ezagutzera eman ahal izateko. Ildo honetan kokatzen da saria eta Leizaolari emanez gogoratu nahi izan dute bera dela «gordailuan izango diren bilduma askoren eragile nagusia». Ekimen hau gauzatzeko unea ilusio handiz biziko duela adierazi du Leizaolak. «Zure ibilbidean landu duzuna ikusi ahal izatea handia da», nabarmendu du. Berak burutu dituen lanek, baserrietan, bordetan, ontzioletan, lantegietan eta abarretan bildutako material ugari «baloratzeko eta gordetzeko» balio izan dute. Berak «egunerokotasunean kokatzen diren» material gisa deskribatu ditu; gehien bat XIX. eta XX. mendeetan kokatu daitezkeenak.
Ondare Saria San Miguel egunean, hots, irailaren 20an emango dutela jakinarazi du Aldundiak. Egun horretan 12.000 euro eta ikurra jasoko du Leizaolak.
Aurrerantzean ere banatzen jarraituko dute aurten lehen aldiz banatuko den saria. Ezohikoa den une batean kokatu dute, Gipuzkoako ondarea bilduko duen Gordailu eraikinaren lehen harria jarri baita.
Saria: Ondare Saria.
Irabazlea: Fermin Leizaola, etnografo eta ikertzailea.
Antolatzailea: Gipuzkoako Foru Aldundia.
Data: San Miguel eguna, irailaren 30a.