GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Euskal Herria jaietan

Koadrilen Egunarekin jai egun bete-betea dute gaurkoan Etxarri-Aranatzen

Koadrilen Eguna izango da gaurkoa Etxarri-Aranatzeko jaietan. Goizean goizetik hasita, jai giroan murgilduko da herria, kaleetan zehar ibiliko baita Jaiak txaranga. Eguerdian bertso saioa egingo da Maialen Lujanbio, Jon Maia eta Amets Arzallusekin. Arratsaldean, berriz, haurrei zuzenduriko «Ilargian» ikuskizuna eskainiko dute Zirika Zirkus antzerki taldeko kideek. Gauen Dindrots taldearekin dantzaldia eta zezensuzkoa izango dira herriko plazan.

p017_f03.jpg

GARA |

Larunbatean festak hasi zirenetik, bete-betean herriko jaietan murgilduta dira etxarriarrak. Ekitaldiz beteriko asteburuaren ondotik, festan jarraitzeko gogoa duenarentzat izango da oraindik zer gozatua Etxarri-Aranatzen. Gaurkoa, gainera, Koadrilen Eguna izango da Sakanako herri honetan.

Aurreko egunetan bezala, goiz partean soberan izango dute jan-edana barrenak alaitzeko. Izan ere, auzatea egingo dute 11.30ean herriko plazan; oraingoan, Etxe-Azpi Elkartea arduratuko da jakiak kalera ateratzeaz.

Eguerdi partean, bestalde, zorteko izango dira bertsoak gustuko dituztenak. Josema Leitza gai-jartzailearen gidaritzapean, Maialen Lujanbio, Jon Maia eta Amets Arzallusek bertso-saioa eskainiko dute Etxarri-Aranatzeko plazan.

Arratsaldean, txikien txanda

Arratsaldeko seiak inguruan, bestalde, etxeko txikienek gozatzeko pentsatutako ikuskizuna egongo da. Hain zuzen ere, Zirika Zirkus antzerki taldeak «Ilargian» haurrentzako ikuskizuna emango du kalean. Beranduxeago, egunero bezala, Jaiak txaranga irtengo da Etxarri-Aranatzeko kaleetara giroa alaitzera.

Iluntzean, berriz, Drindotsen taldea arduratuko da gaur dantzaldiko doinuak jotzeaz. Gaueko hamarretan, aldiz, geldialdia egingo dute. Izan ere, orduan zezensuzkoa irtengo da kaleetara Etxarri-Aranatzera inguratzen direnen gozamenerako.

Gauerditik aurrera, Drindots taldearena izango da berriz plazan jai giroa jartzearen ardura. Ingurura gerturatzen den jendearen artean dantzarako giroa jarri beharko dute berriz ere.

Hala ere, ez da hemen amaituko jai eguna. Izan ere, goizalde hiru eta erdietatik aurrera Maxi Dance diskoteka mugikorrarekin disfrutatu ahal izango dute bertaratzen direnek.

Beste hiru egunetarako jaia

Bihar gaztetxoenak izango dira Etxarri-Aranatzeko jaietako Haurren Eguneko protagonista. Goizean goiz hasiko da Jaiak txaranga herriko kaleetan giroa alaitzen. Beranduxeago, 11.30ean, auzatea egingo dute herriko plazan Udaberri elkartearen eskutik. Gerturatzen direnek, horrenbestez, ez dute inolako aitzakiarik izango hamaiketako on batekin sabelari poz pixka bat emateko.

Eguerdian eta arratsaldean, berriz, haurrei zuzendutako ekitaldiak prestatu dituzte. Horrela, gaztetxoenek jolas parkeaz, pantailez eta japoniar bonbez gozatu ahal izango dute.

Arratsaldeko bostak inguruan, bestetik, II. Kalderete Txapelketa egingo dute sakandarrek. Iluntzean ere izango da lehiaketarik jaien egitarauaren baitan, kasu honetan, XVIII. Playback Txapelketa.

Biharkoan, 20.30ak aldera hasita, Egan musika taldeak eskainiko du dantzaldia herriko plazan. Aurreko egunetan bezala, hamarrak aldean etenaldia egingo dute. Musikariak afari eder batekin gauerako indarrak hartzen dituzten bitartean, zezensuzkoa ibiliko da herriko kaleetan zehar.

Gauerditik aurrera, berriz, Xabier Saldias eta bere taldearen txanda izango da berriz ere etenaldiaren ondoren. Beraz, ez da aitzakiarik izango jaiarekin goizaldera arte jarraitzeko.

DISKOTEKA Mugikorra

Goizaldeko hiru eta erdietatik goizeko ordu txikiak arte Maxi Dance diskoteka mugikorra izango da Etxarri Aranatzen, herrira inguratzen diren guztien gozagarri.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo