GARA > Idatzia > Kultura > Ikus-entzun

Googlek Kataluniako Liburutegiko 35.000 ale digitalizatu ditu

GARA | BARTZELONA

2007an sinatutako hitzarmena betez, Googlek Kataluniako Liburutegiko fondoetatik 35.000 liburu digitalizatu ditu jada. Ale guztiak autore eskubideetatik aske dira eta http://books.google.cat interfaze katalanean eskuragarri daude. On line kontsulta daitezkeen liburuen artean, gehienak XIX. mendean publikatuak, aipatzekoak dira «Don Joan de Serrallonga» (1868), Victor Balaguerrek idatzia; «Cuentos del avi» (1867), Serafi Pitarrarena; «Crónica catalana»(1860), Ramon Muntanerrek sortua; «Espill o llibre de les dones» (1865), Jaume Roigena eta «El criterio»(1862), Jaume Balmesek idatzia.

Guztira, Kataluniako Liburutegiko 100.000 liburu digitalizatuko dituzte. Dolors Lamarca bertako zuzendariaren arabera, egitasmoa bakarrik, inoren laguntzarik gabe, aurrera eraman behar izan balute, sei milioi eurotako kostua izango luke.

Aurrerantzean, Kataluniako Liburutegiko ondarea digitalizatzen jarraitzearekin batera, akordio bera sinatu zuten beste lau liburutegietako aleekin gauza bera egiteko asmoa dute. Hain zuzen ere, Montserrat, Ateneu Barcelons, Centre Excursionista de Catalunya eta Bartzelonako Seminarioko Apezpikuen Liburutegi Publikoa izango dira digitalizazioaren onurez baliatuko direnak.

Googleko liburuen arduradun Luis Colladok azaldu duenez, liburutegi horietako ondarea «ahalik eta jende gehienarengana helaraztea» da finkatu duten helburuetako bat. Googlebooks-ek mundu osoko hogeita hamar liburutegietako hamar milioi liburu baino gehiago digitalizatu ditu dagoeneko.

Bere aldetik, Joan Manuen Tresserras Kataluniako Generalitateko Kultura eta Komunikabideen Saileko kontseilariak gogoratu duenez, akordioak «zenbait tentsio» sortu zituen gizartean sinatu zen unean. Aldiz, orain, lortu dituzten emaitzak ikusita, «ondorio guztiz positiboak» ateratzen dituztela nabarmendu du.

Googlekin elkarlanean burututakoaren bezalako egitasmoei esker, katalana gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari da Interneten -kontseilariaren arabera, sareko hogeita hamar hizkuntza erabilienen artean dago-. Horrez gain, gero eta kultura gehiagok, bizirauten jarraitu ahal izateko, sarean eskuragarri egon beharko dutela gaineratu du Tresserrasek. Colladoren arabera, hizkuntza erabilienen artean, katalana 14. postuan dago.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo