KRONIKA Baionako bestak
Euskal presoak gogoratu dituzte omenaldi eta bazkari batekin
Igandearekin, Baionako besten azken eguna ospatu zen. Leon erregeak bere azken esnatzea eguerdian burutu ondoren, gauerdian lokartu zen urtebetez lotan geratzeko. Milaka lagun elkartu ziren Herriko Etxearen aurrean agurraren urteroko zeremonian parte hartzeko. Egunean zehar, euskal presoak gogoratu eta omentzeko tartea ere izan zen.
Ainize BUTRON
Baionako besten azken eguna iragan zen atzo, eta gau ilunera arte Baionak giroturik jarraitu zuen. Larunbateko euri zaparradek herritar askoren kanpora ateratzeko nahiak bertan behera utzi zituztela-eta, igandea ohi baino jendetsuagoa izan zen. Baionako jaiek eragiten duten bost eguneko biziera «surrealista» azken muturrera arte bizitzea izan zen guztien nahikeria. Horrenbestez, goizean goizetik, zuria eta gorria nagusitu ziren auzo eta karrika guztietan.
Igandea gehienbat familien eta helduen eguna izaten bada ere, atzokoan guztiz irudi ezberdina izan zuten karrikek. Jon eta Maria Josek, beren hogei bat lagunekin, igandea aukeratu zuten beste askok bezala Baionara hurbildu eta elkarrekin bazkari goxo bat egiteko. Ustekabean, karriketan ezin barnatuz ibili behar izan zuten, eta jatetxean sartzeko ere hiru orduz itxaron behar izan zuten!
«Jatetxea duela aste bat manatua genuen, baina ezin sartuz izan gara», esan zigun bikoteak. Urteak eta urteak daramatzate Baionako festetako igandean bazkaria egiten eta beraien harridura azaldu ziguten atzo bildutako jendetza dela-eta. Gertakariak ez zituen, baitezpada, kexarazi. «Beno, Baionako bestak dira, ezta!», zioten umorez.
Presoak gogoan
Familiek ere zailtasunak izan zituzten atzo kaleetara ateratzeko. Azken eguna familiarekin gozatzeko hautua egin zutenek, karrikara atera eta berehala etxeratzera behartuak izan ziren jendetzaren artean umeekin ezin ibiliz aritu baitziren.
Igandeak, beraz, ez zuen ohiko irudi lasaia azaldu atzokoan. Hori bai, urteroko bazkari herrikoiak nagusi izan ziren atzo ere. Eta, ostatu eta jatetxeetatik kanpo, presoen aldeko bazkaria egin zen aurten ere Patxa plazan. Jaietan parte hartzerik ez duten presoei aurresku dantzaren bitartez omenaldia egin ondoren, arratsaldera arte luzatu zen bazkariari ekin zioten.
Jana eta edanaz gain, aktibitate ugari izan ziren atzo ere Lapurdiko hiriburuko karriketan. Izan ere, eguneroko egitarauak aurrera jarraitu zuen. Larunbat gaueko euriak egitarauan finkatuta ziren animazio guztiak bertan behera uztea behartu zuen; atzo, aldiz, goizeko bederatzietarako herritarrei bestara kaleratzeko deia egin zitzaien gaiteroen, banden, txistularien eta trikitilarien doinuen bidez.
Banden mezak eta San Andres elizatik udaletxera arteko agintarien desfilea egin ziren ondotik, Leon erregea esnatu arte. Arratseko hamarretan, berriz, aurreko gauean kaleratu behar zuten Korso argitsuko orgen desfilea egin zen. Bederatzi orgek, banda eta musikariek lagundurik, San Izpiritu auzotik udaletxeko plazara arte desfilatu zuten milaka lagunen txaloen artean.
Agur beroa
Baina, igandea, besta eguna izateaz gain, jaien azken eguna da, eta, ondorioz, Leon erregeari azken agurra emateko ordua. Gauerdian, horrenbestez, besten lehenengo egunean gertatu bezala, trumilka jende bildu zen udaletxeko balkoiaren azpian. Eta Iruñean egiten den bezala, «Pobre de mí» abestia kantatzeari ekin zioten. Jaien zeremonien barnean sartua den agur horrek ez zien baitezpada bestazaleei jaia jarraitzeko gogoa kendu.
Agurra bukatu bezain laster, ostatu eta karrikak berriz ere bete ziren azken dantza eta abestiak egiteko. Baiona astebetez biziera «surrealista» batean barnatu duen bestaren ondotik, bizimodu arruntera itzultzeko ordua finkatu zen atzo.
Eta, «surrealismo» horretan parte hartzeko gogoak bultzatuta, Euskal Herri osoko bisitariak jaso zituen Lapurdi hiriburuak. Baztan, Markina, Ondarroa edo Bilboko herritarrak ikus zitezkeen zuriz eta gorriz jantzirik kaleetan. Eta, gauez, elkar trukaketak anitzak izaten dira. Herritarrekin batera, jaiaren inguruetan zaindari gisa kokatuta zeuden CRS poliziak ere nonahi ikus zitezkeen kaleetan. Baina, herritarren harridurarako, uniformea soinean zutela ostatuetan edan eta ligatzen aritu ziren horietako hainbat. Agerpen horiek oraindik askoren buruan dauden 2008ko jaietako istiluak gogora ekarri zituzten.