GARA > Idatzia > Kirolak > Herri-kirolak

Aizkora Urrezko Aizkorako Txapeldunen Liga

Larretxeak maila bikaina eman du, eta Nazabal eta Lopez mendean hartu ditu

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Donato Larretxeak sasoi bikaina duela erakutsi zuen herenegun gauean Zarautzen jokatu zen Urrezko Aizkorako Txapeldunen Ligako saioan. Nazabal eta Lopez zituen aurrez aurre, baina bera atera zen garaile.

Mindegiaren aurkako apustuaren prestakuntzan sartuta dago Larretxea, eta maila bikaina eman zuen Zarautzen. Nazabal zen faboritoa, baina oraingoan Etxarriko txapeldunak burua makurtu behar izan zuen beteranoaren aurrean.

Jokatutako probetatik bi ez beste guztiak bereganatu zituen Larretxeak. Lehenengoak, zeinek kolpe gutxiagotan enborra moztu neurtzen duen saioak, ihes egin zion. Nazabal eta Lopez berdinduta geratu ziren, eta azkena izan zen Donato.

Abiadura proban ere ezin izan zuen garaipenik erdietsi, Nazabalek bereganatu baitzuen saioa, eta bere atzetik sailkatu zen Larretxea. Gainerako saio guztietan nagusi izan zen, baina hori baino are eta azpimarragarriagoa izan zen uneoro eman zuen itxura, oso ongi ikusi baitzen.

Txapeldunen Liga honetako sailkapen nagusian, Arrospide eta Larretxea doaz lehen postuan berdinduta. Aldiz, gipuzkoarrak lau saio jokatu ditu dagoeneko eta nafarrak, aldiz, bat gutxiago, hiru alegia.

Sailkapen nagusiko hirugarren postuan Nazabal doa, baina honek ere hiru neurketa besterik ez ditu jokatu. Hala ere, lehiaketa hau oso luzea izango da oraindik ere, udazkenera bitarte ez baita amaituko. Orain aizkolarientzat lehiaketa ofizialen txanda helduko da, eta hor murgilduko dira gehienak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo