GARA > Idatzia > > Kultura

Heandel, Bela Bartok eta La Fura dels Baus, Hamabostaldiari ekiteko

Iritsi da eguna. Gaur hasi eta datorren irailaren 5era arte musikaz jantziko da Donostia. Ia ehun ekitaldi inguruk osatutako Hamabostaldiaren 70. urteurrenari hasiera emateko sei kontzertu izango dira gaur, guztiak Kursaal eta inguruetan. Jose Hernandez Pastor kontratenorraren emanaldiak hasi eta La Furaren «Carmina Burana»k itxiko du eguna.

p040_f01_126x108.jpg

Ane ARRUTI | DONOSTIA

Eguerdiko hamabi eta erdietan abiatuko da Donostiako Musika Hamabostaldiaren 70. edizioa. Inaugurazio egunerako, gustu guztietarako sei kontzertu daude programatuta, eta Kursaalen hamargarren urtemuga dela aprobetxatuz, eraikin honetako areto ezberdinetan eta inguruko kaleetan izango dira denak. Andoni Alonso antolatzaileak adierazi zuenez, urte hauetan guztietan argi gelditu da Kursaalak jaialdiarentzat duen garrantzia. «Handiegi geldituko zela esaten zuten, amildegitik salto egitea zela. Baina argi gelditu da ez dela horrela. Victoria Eugenia antzokiak sede historiko izaten jarraitzen du, baina antzoki bat da. Kursaala, berriz, zerbait gehiago da eta sede ofizial bilakatu da».

Donostian aurretik ere aritu izan den Jose Hernandez Pastor kontratenorrak eskainiko du aurtengo lehenengo kontzertua. Valentziarraren «Music for a while. Haendel y su contexto británico» deituriko emanaldia, Hamabostaldian zehar konpositore alemaniarrari eskainiko zaizkion beste hainbaten atarikoa izango da. Izan ere, aurten George Friedrich Haendel zendu zeneko 250 urte betetzen dira eta kontzertu askotan gogoan izango dute urteurren hau.

Alemaniarrari eskainitako gaurko bigarren kontzertua Concerto Donostiarra taldearen eskutik etorriko da. Arratsaldeko zortzi eta erdietatik aurrera, Kursaaleko Ganbera aretoan arituko dira. «Kontzertu intimoa egin nahi genuen eta horrexegatik hautatu dugu kamera formazioa», azaldu zuen atzo Gotzon Arrizabalaga taldeko gidariak. Concerto Donostiarra duela bi urte sortu zen. Helburu nagusia musika barrokoaren interpretazio historikoa lantzea izan zuen hasiera-hasieratik, eta horretarako, garai hartako konposizioak jorratzeaz gain, jatorrizko instrumentuak erabiltzen ere saiatzen dira.

Gaurko emanaldiak hiru zati izango ditu. Lehenengoan, «Haendel tipikoa» entzuteko aukera izango da Arrizabalagaren esanetan; bere obra ezagunenak, hain zuzen. Bigarrenean, Giovanni Battista Ferrandini konpositore italiarraren «II pianto di Maria» obra interpretatuko dute. «Orain arte Haendelena zela uste zen, baina zenbait ikerketak adierazten dute ia seguru Ferrandinirena dela», azaldu zuen Arrizabalagak. Bere esanetan, lehenengo aldiz izango da doinu hau Donostian entzuteko aukera eta, beraz, estreinaldia izango da. Gauza bera gertatzen da hirugarren zatiarekin ere: «`Gloria' izeneko pieza duela zortzi urte topatu zuten Alemaniako liburutegi batean eta oso gutxitan jo izan da». Bigarren zatirako mezzo-soprano baten laguntza izango dute eta hirugarrenerako soprano batena.

Pedro Bonetek zuzendutako La Folía taldeak ere atzera begira jarriko ditu entzuleak. 18.00etatik aurrera, Erabilera Anitzeko aretoan eskainiko duten «A quién contaré mis quexas» kontzertuan, 1609an Felipe III.ak musulman jatorriko biztanle kristautuak kanporatzeko agindu zuenekoa izango dute gogoan, garai hartako musika interpretatuz.

Irudietatik musikara

Irudi bat, 1931n eginiko argazki bat izango dute ardatz Jose Inazio Ansorena eta Alvaro Cendoyak gaur eskainiko duten kontzertuan. Bela Bartok konpositore ezagunak garai hartan Manuel de Falla bisitatzeko Donostiara eginiko bidaian ateratakoa da. «Errenteriako Panier Fleuri jatetxean zeudela, bazkalostean herriko txistulariak bertaratu eta zenbait obra eskaini zizkieten. Bartokek interes handia erakutsi zuen hemengo konposizio eta erritmoen inguruan eta guztien artean ateratako argazkian ikus daiteke hori», azaldu zuen Ansorenak.

Garai hartako piezak ekarriko dituzte gogora 19.00etatik aurrera Kursaaleko Ganbera aretoan. Bartoken konposizioez gain, irudian ageri diren Jose Olaizolarenak eta Cesar Figueridorenak ere izango dute tartea. «Printza batzuk emango ditugu, koadroetan agertzen direnak musikan ere izan zirela ikusteko». Gainera, Ansorena eta Cendoyaren irakasle izan zen Tomas Garbizuk txisturako idatzitako obrak ere joko dituzte.

Ordu berean hasita, kalean ere izango da musikaz gozatzeko aukera. Kursaal inguruetan Mac Jeara´s Band taldeak New Orleanseko jazz doinuak eskainiko baititu. «Datorren hilabetean zehar Kursaalen eta gainerako agertokietan egingo den guztiari ongi etorria ematen saiatuko gara. Gatza eta alaitasuna jarri nahi diogu inaugurazio egunari», esan zuen Eugenio Delgado taldeko kideak.

«Carmina Burana» ikusgarria

La Fura dels Bausen muntaia sentsorialaren estreinaldia izango da gaurko egunari amaiera emango diona. Joan den mendeko opera ezagun eta erritmikoena taularatuko dute Iruñeko Orfeoiaren eta Gaztela eta Leongo Orkestraren laguntzaz: «Carmina Burana» kantataren eszenaratzea. «Autoreak nahi zuena egingo dugu, hau da, eszenaratzea», azaldu zuen Carlus Padrissa muntaiaren zuzendari artistiko eta La Furako kideak.

Zazpi metroko garabiak, 1.000 litro urez betetako edalontzi erraldoiak, «udaberri usaineko» perfumeak, orfeoiko kantarien mugimenduak eta hainbat argi eta bideo proiekziok areagotu egingo dute kantatak berez duen emozioa eta Padrissak ziurtatu zuenez, «jendea aho bete hortz geldituko da».

Emanaldi honek izugarrizko ikusmina sortu du Hamabostaldian «ohikoa ez den» ikuslerian. Gaur eta bihar eskainiko dituzten funtzioetarako sarrerak azkar batean agortu ziren. Hala ere, ikuskizuna zuzenean jarraitzeko aukera izango da, doan, Kursaaleko erabilera anitzeko aretoetan horretarako jarriko diren pantailetan.

PANTAILAK

Kontzertu guztiak doan ikusi ahal izango dira Kursaalen, La Furaren «Carmina Burana» izan ezik. Hala ere, erabilera anitzeko aretoetan pantailak jarriko dira azken hau zuzenean eta doan ikusi izateko.

DOS OBRAS MÁS

Además de Los Vivanco, las fiestas continuarán con «Los 39 escalones», una hilarante y espectacular obra, y con una versión de «La montaña rusa».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo