GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Arropa zuriak ardoaz gorritzea, biharko helburua Elgoibarreko Txiki Egunean

Festetan arropak garbi eta zuri edukitzea zaila izaten da, batak zein besteak albokoari nahigabe edaria soinean botatzen diolako, esaterako. Elgoibarreko Txiki Egunean, berriz, horrek ez dakar inongo arazorik, izan ere, lagunaren kamiseta zikintzeko helburuaz biltzen direlako ehunka bizilagun ardo botilak eskuetan. Tradizioan mahats aleekin egiten zutena, urteen poderioz, ardoarekin egiten hasi ziren. Txarangaren erritmoaz lagunduta, inor ez da busti gabe geratuko.

p022_f02.jpg

Oihane LARRETXEA |

Txiki Eguna egunik handiena da Elgoibarreko festetan. Ardoa elkarri botatzeko helburuarekin elkartzen dira herriko kaleetan ehunka lagun urtero.

Gainera, zenbat eta gehiago zikindu kolore gorriz kamiseta, orduan eta hobeto, xedea hori baita, zikintzea.

Ez dago datu garbirik ohitura zein urtetan sortu zen zehazteko, baina jakina da gaur egun ardoarekin egiten dutena garai batean mahats aleekin egiten zutela.

Eguerdian sokamuturra egiten zuten herrian, eta ikuskizunaren ostean, San Francisco iturriaren aurrean mahatsa jatera biltzen ziren bizilagunak.

Behin batean, ordea, emanaldiaren ostean, betiko legez geldialdia egin eta jaten ari zirela, lagun batek besteari mahats ale bat jaurti zion, eta horrela hasi ziren elkarri fruitua jaurtitzen.

Gertaera harez geroztik, aleak jan beharrean elkarri jaurtitzeko ohitura hartu zuten, eta pixkanaka, urteen poderioz, ardoak ordeztu zuen mahatsa.

Txiki Egunean parte hartu nahi duen orok kamiseta zuriz egin beharko du, lepoan zapi gorria jantzita: hori da jaurtiketarako uniformea. Gainontzekoan, umore ona, eta ondo pasatzeko gogoa besterik ez dira behar.

Hasteko, hamaiketakoa

Goizean goiz, 7.30ean, dianak ematen dio hasiera egunari, eta horren ondoren, sokamuturrak hartzen du txanda.

Behin hori amaituta, eguerdi aldera, herriko hainbat elkartek salda eta txorizoa banatzen dute jendearen artean, eta hainbat kale zeharkatuz, hamaiketakoa egiten dute.

Otordua egin ondoren hasten da pixkanaka ardo jaurtitzearen giroa sortzen, izan ere, sabela betetakoan, lehen ardo zipriztinak hasten dira airean barreiatzen, eta minutu gutxiren buruan, litroak, bata bestearen atzetik isuriak dira, bakoitzak ondoan edo urrun duenari botaz.

Edaria norberak etxetik eramaten du, nahi adina, baina betiere neurri batzuk begiratuta.

Zuri dotorea erakusten zuten kamisetak gorri biziz janzten dira lehenago edo beranduago, eta hara inguratzen den orok, zikinduta amaitzen du ezinbestean.

Herria zeharkatzen duen ardo bira hori Mauxitxa txarangak lagunduta egiten da. Aurtengoak esanahi berezia izango du, gainera, azken 40 urteotan txaranga berberak egin duelako.

Antolatzaileetako batek dio Txiki Eguna «ezin dela halakotzat hartu» Mauxitxa txarangarik gabe. «Ardoa eta txaranga ezinbesteko osagaiak dira».

Eguerdiko hamabiak inguruan, kalejirara batzeko deia egiten dute, eta orduan biltzen da jende multzorik handiena. «Denak une horren zain egoten dira», azaldu dute antolatzaileek.

Ardoa jaurtitzeko, baita edateko ere, tronpeta eta txindata erritmoei jarraitzen diete.

Horregatik, dantza eta kantu artean, mahai ingurura bazkaltzeko berandu biltzen dira koadrilak egun honetan.

Bazkaltzeaz ia ezustean oroitzen dira lagun taldeak. Batzuk etxera joaten diren arren, gehien-gehienek kalean bazkaltzen dute, edota elkarte nahiz txokoetan. «Txiki Eguna kalean igarotzeko eguna da, etxera ez da ezertarako joan behar», argitu digu parte-hartzaile batek.

Txiki Egunaren ardatza ardoa izan arren, horrez gain beste zereginik ere badago egunean zehar.

Pilota partidua

Arratsaldeko seietan, asko oraindik bazkaltzen ari direnean, profesionalen pilota partidak hasten dira ikastolako frontoian.

Partida ikusi aurretik lagun asko lehendabizi etxera joan ohi da, soinean duena erantzi eta arropa garbiak janztera. Beste batzuk, berriz, bere horretan joaten dira partidara, kamisetako gorritasunak salatzen duelarik aurretik zertan ibiliak diren.

Egunaren amaiera gertu egon arren, pilota jokoaren ostean txaranga batek berriro kaleak zeharkatzen ditu afalordura arte.

mahatsa

Datu zehatzik ez badago ere, aspaldikoa da sokamuturraren ostean mahatsa jateko ohitura. Behin batean, mahats alea ahora eraman beharrean, batak besteari jaurtitzen hasi, eta denboraren poderioz, ardoa erabiltzeko ohitura hartu zuten.

arropa

Txiki Egunean parte hartu nahi duenak kontuan izan beharko du eraman beharreko arropa. Kolore argiko arropan nabaritzen dira hobekien ardoaren orbanak, beraz, jantzi beharrekoak izango dira kamiseta zuria, eta zapi gorria lepoan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo