GARA > Idatzia > Iritzia > Gaurkoa

Xabier IZAGA I Irakaslea

Eta gutxieneko demokratiko haiek...?

Alkateak esan du eta pregoilariak errepikatu. Jaiak ez dira politizatu behar. Hagatik. Berandu dute, baina, Euskal Herrian, curriculumetik kanpo bada ere, jaiak eta urteko egun guztiak sobera politizatuta daude-eta aspaldi luzetik. Errebindikazioa eta protesta ezinbestez tradizioa dira, eta jaiaren parte. Nahi duenak haiekin bat egingo du, zezensuzkoan bezala, eta nahi ez duenak ez. Azkenaldion, zoritxarrez, agerpen horietara gonbidatuta ez dauden bakanek bereganatu dute protagonismoa. Eskubideen ukazioa salatzea ez ezik, ezadostasuna adieraztea ere zigorgarria da. Baina oinarrizko eskubideei erasotzea zuritzeko ez dute formula zaharkituetara jo behar, hala nola erlijiora edo betiereko balioetara. Aski dute terrorismoaren aurkako borroka delakoa. Biktimen defentsa argudio, edozein kritikari gailentzen zaio.

«Terrorismoaren biktimen iraingarri» omen den guztia ezabatu egin behar dela diote. Ziur naiz biktima horietako askok presoen senideek eta lagunek hilero beren lanaren truke soldata bat jasotzeari ere iraingarria irizten diotela. Nolanahi ere, biktima horiek ez dute buruhauste handirik izaten. PPk, biktima horien beharrak, minak eta nahiak kudeatzen dituenak, eta PSOEk erabaki dute, elkarren arteko lehia errepresibo bizian, presoak oroitzea, maitatzea, haien eskubideak aldarrikatzea biktimen iraingarri dela. Kartzela zigorra bete ondoren edo gaixotasun larriak dituztela askatzea xedatzen duten legeak ere iraingarriak dira nonbait eta, horrenbestez, Estatuko agintari demokraziaz hordituek ez dituzte betetzen. Dinamika horrek urte bakan batzuetan XXI. mendetik indarrean zegoen kartzela zigorraren kontzepzio humanistatik Erdi Aroko filosofia mendekarira eraman ditu.

Terrorismoaren kontrako borrokak» erraz asko justifikatzen du hori eta beste edozer; esate baterako, Hego Euskal Herri osoan bandera espainola ezartzea. Baina hori ez omen da identitate-kontua. Lakuako Gobernuan egun den alderdiak behin eta berriz aldarrikatu izan du identitate-kontuak ez direla herritarren kezka eta, beraz, ez dutela zertan gobernu baten lehentasuna izan. Hartara, espainiar bandera Hego Euskal Herriko eraikin ofizialetan agertzea euskal herritarren kezka nagusietakoa da, edozein amaren seme-alabak dakien bezala. Autodeterminazio eskubidea ez da inondik inora herritarren kezka, identitate-kontua baizik; hura gauzatzea galarazteko mekanismoak ezartzea, berriz, herritarren kezka da, dirudienez. Gasteizko Legebiltzarrak onartu zuen Estatutu proiektua edo Ibarretxe plana delakoa onean zein txarrean atzera botatzea bezala, normaltasun demokratiko osoan.

Eta horretarako ere ez dute argudiorik falta, ez horixe. Kasu horretan, terrorismoaren aurkako borrokari barik, aspaldiko amarruari heldu beharrean dira, «abertzaletasun demokratikoak» prestatzen lagundu zuen amarruari, hain zuzen: «Adostasunik handiena Gernikako Estatutuak bildu zuen». Herri honetako aukera nagusietako bat baztertzen duen adostasunaz ari dira, zenbaitek ezer ez baino hobe delako sindromeak jota onartu zutena. Independentzia ez omen da zilegi, adostasun maila hura gainditzen ez badu behinik behin. Eta ez al da susmagarria adostasun horretan erosoen daudenak herritarrek erabakitzeko eskubidea ukatzen dutenak izatea? (egia esateko, EAJ ere ez dago ezeroso, diskurtsoari dagokionez izan ezik, adostasun horrek alderdi horren ustezko oinarri ideologikoa ukatzen baitu). Eman lezake Estatutuak erdibidean bildu zituela denak, subiranotasunaren eta mendekotasunaren arteko erdibiderik ez dagoela kontuan izan gabe edo, hobeto esateko, nahita ahaztuta, bi proiektu nagusion arteko lehia demokratikoan bi-biek zilegi eta inongo inposiziorik gabe gauzatzeko modukoak izan beharko luketela ezkutatuta. Orain artean bat bakarra gauzatu da, ordea: mendekotasunari eutsi nahi diona, eta ez gehiengo soziopolitikoen arabera, hain justu, ez modurik arrazoizko, sinple eta errazenean -demokratikoan alegia-, baizik eta inposizioz. Estatutuak bildu zuen adostasun hori burujabetzaren aldeko proiektua gauzatzea galarazten duen inposizioaren ondorio baita. Estatutu hori beste aukera bat edo batzuen aurrean jarri izan balute, aukera guztiek duten benetako sostengua ikusteko, adostasun hura ez zatekeen adostasun izango (eta zer esan Foru Hobekuntzaz, Nafarroa Garaiko herritarrek hari oniritzia emateko aukera ere ez baitzuten izan!). Nolanahi ere, EAJk hura izan zuen biderik erosoena -pragmatikoena, euren hitzetan-. EEk, -Euskal Iraultzarako Alderdiaren inguruan eratutako alderdiak-, berriz, endakatze politikorik lotsagarrienaren hasiera.

Baina horrelako txikikeriek ez digute zorigaitz eta arazo guztien iturria ahantzarazi behar: terrorismoa; hau da, ETA. Barne ministro espainiarrari kasu egitera, ez da negoziazio bidezko konponketarik izango: Lasciate ogni speranza. Infernuko atean idatzitako hitz horiek, ordea, Rubalcabari baino lehen aspaldiko Felipe Gonzalezi entzunda geunden, estoldako lagun Casinello jeneralak proposatutako konponbidearen bariazio modura. Eta gauza bertsua entzunda geunden Gonzalez eta Rubalcabaren alderdiaren inguruko hainbat intelektuali ere, «abertzaletasun periferikoei» aurre egiteko Alemaniatik abertzaletasun konstituzionala delako kontzeptua inportatu zuten horiei, hain zuzen (PSOEk ez ezik, PPk ere, plazer handiz, bere egin zuen sasi guztien azpitik eta laino guztien gainetik demokrazia eta espainiartasuna elkarren sinonimo bihurtuko zituen asmakizun miragarri hura). Intelektual horien arabera, demokrazia batek, demokrazia bada, ezin negoziatu du terroristekin. Hala ere, diktadurak ezarritako baldintzen gainean eraikitako demokrazia frankistekin negoziatu izana eskuak goritu arte txalotu zuten.

Negoziazio batean bi aldeek amore eman behar dute, eta bistan dira frankismoaren «amore emate» ugariak. Hego Euskal Herriari dagokionez, ikurrina legeztatzea frankismoaren «amore ematea» izan zen... bandera horrek ordezkatzen duena espainiar legeetan kartzelatzearen truke. Amnistia Legea, berriz, frankismoaren krimenak zigorgabe geldituko zirela ziurtatzeko bermea izan zen. Zigorgabetasunaren seme-alabek eta haien oinordekoek -estatu terrorismoaren erantzule «aurrerakoiak» barne-, biktimen mina aldarri, zigorgabetasunaren amaiera bilatzen omen dute gaur egun, lotsaizunaren mukurua gaindituta.

Eta gutxieneko demokratiko negoziaezinak? Inork ba al du haien berri? Antza denez, horiek ez dira gizartearen kezka, hedabideen kezka ez badira behintzat. Francok Juan Carlos de Borbon erregegai izendatu zuenean eta sei urte geroago Estatu buru izendatu zutenean, baldintza demokratiko horiek diktadurarekiko haustura eta, besteak beste, herrien autodeterminazio eskubidea ziren. Gaurko alderdi politiko ezagunenen artetik PPk -lehenik AP, zuzen-zuzenean aparatu frankistak sortua- baino ez zituen gutxieneko baldintza demokratiko horiek errefusatzen. Baina gehienek beren atxikimendua eman zioten trantsizio «eredugarriari». Eta egun batetik bestera frankismoa sostengatzen zuen aparatu ideologikoa, Eliza barne, Armada eta Polizia, hala nola erregimen harekin harreman ezin hobeak zituzten enpresaburu eta banku-jabeak, inor baino demokratago bihurtu ziren. Demokraziak, ondo dakigunez, ez du baztertzailea izan behar, horregatik beharbada demokrazia espainiarrak frankismoaren funtsa bildu zuen bere baitara. Kapitalari dagokionez, bistan da berdin-berdin moldatzen dela demokrazian zein diktaduran, bere mendeko hedabide berberei eutsita. Ez da kasualitatea Estatuko alderdi nagusiak, botere politikoa banatzen dutenak, frankismoaren aurka sendoenik borrokatu zutenak edo haien oinordekoak barik, urrezko exilioan zain iraun zutenak izatea: PSOE, EAJ, CiU... eta frankista petoak, hala nola PP.

Ez dugu lerrootara datu ezezagunik ekarri; alabaina, subjektibitateak subjektibitate, badira «terrorismoaren aurkako borrokak» eta «biktimenganako arretak» bazter uzten dituzten hainbat gogoeta gai. Barregarria eta batez ere lotsagarria gertatzen da indar politiko ia guztiek ezker abertzaleari hausnarketarako dei etengabea egitea. Izan ere, beharrezkoa, ezinbestekoa da gaur egungo baldintza demokratikoen gaineko hausnarketa, baina guztiena eta kontu guztien gainekoa. Eta niri neuri begitantzen zaidanez, ezker abertzaleak, hain zuzen, beste inork baino askoz aurreratuagoa du hausnarketa hori, gutxieneko baldintza demokratikoak espainiar erregeak ordezkatzen dituenak direla uste izan ezik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo