GARA > Idatzia > Kirolak > Arrauna

San Miguel Liga

Castrok bere buruaren aurka ere badaki arraunean ongi egiten

Pedreñak denborarik onena ezarri zuen hirugarren ziabogan, baina bueltako luzean ahuldu egin ziren, eta Castrok aurre hartu zuen.

p037_f02_199x120.jpg

K.A |

Ez du denbora igarotzen utzi nahi izan. Zurrumurruak hasi aurretik errotik moztu behar omen dira, eta horixe egin zuten atzo "La Marinera"ko mutilek Pasaian jokaturiko estropadan. Espainiako txapelketan, eta Hondarribiko estropadan garaipenak ihes egin ostean, Juan Mari Etxaberen mutilek badakite denboraldiko unerik garrantzitsuenetako bat -garrantzitsuena ez bada- heltzear dela, eta San Pedro eta Pedreñarekin lehia estua izan ostean, hamargarren ikurrina lortu zuten aurtengoan kantabriarrek.

Aurkariak atzokoan ere zailtasunak jartzen saiatu ziren, ordea. San Pedrok, etxean jokatzen zuela probestuz, lan polita egin nahi zuen, baina irteera eman eta berehala arraunlarietako bati oinetako tosta apurtu egin zitzaion, eta atzeratu egin behar izan zuten euren parte-hartzea. Etxekoak beranduago atera ziren, justu Castrok bigarren ziaboga bukatu eta gero. Ordura arte «La Marinera»ko arraunlariak sendo joan ziren, ezustekoei ahalik eta tarte txikiena utziz. Baina, kontuak zer diren, tanda nagusian atera ez zen traineru batek ekarri zizkion buruko minak talde gorriari. Pedreñak sekulako lana egin zuen bigarren txandan, eta hirugarren ziabogan haiena zen denborarik onena.

Castro gupidarik gabe

Orduantxe hasi zen Kantabriako motorra martxan. Pedreñak patal aldi bat izan zuen bueltako azken luzean, eta bukaerarako Castrok hamar segundoko aldea atera zion. Azken unean, sanpedrotarren emaitzaren zain ziren guztiak. Gipuzkoarrek lan txukuna egin zuten, eta hirugarren ziabogan aukerak izan zitzaketela uste izan arren, Castrok aise eutsi zion distantziari, eta 3 segundo atera zizkion etxekoari.

Tiranek gora dihoala erakutsi zuen atzo ere, eta zazpigarren postu bikainean sailkatu ziren galiziarrak, bigarren tandan aritu ziren Zarautz eta Kaikuri aurre hartuz. Egia esan, atzokoan, Jose Luis Kortaren mutilek eskaini zuten itxurarik eskasena. «Bizkaitarra» aspaldi ari da buruan beste gauza batzuk dituela, baina eurek ere ez zuten espero hamargarren posturaino jaitsiko zirenik.

Datorren astean bi estropada garrantzitsu izango dira, Kontxari ekin aurretik: larunbatean Castron Flaviobriga bandera egongo da jokoan, eta igandean Orion izango da estropada.

Getaria-Tolosak aise irabazi zuen

Hondarribian, San Joanek eskuratu zuen KAE-1 Ligako saioarekin batera, emakumeek ere estropada izan zuten. Txingudiko IV. Ikurrina jokatu zuten, eta aurreikusitakoaren arabera, Getaria-Tolosa ontziak aise irabazi zuen saioa, 11.15.34 denbora bikainarekin.

Bi txandatan banatu ziren parte-hartzaileak. Lehendabizikoan Ur Kirolak eta Bizkaiak hartu zuten parte. Bizkaiko taldea aski ezaguna den arren, Ur Kirolak taldearen lehen parte-hartzea izan zen. Esan bezala, lehen tandan bi ontzi horiek atera ziren, eta hasieratik argia zen bien artean dagoen aldea. Gauzak horrela, bizkaitarrak lehen ziabogarako minutu erdiko tartea irekia zuten. Distantziek gora egin zuten, eta azkenean 11.48.90 denborarekin, erraz lortu zuten tanda irabaztea. Denbora horrekin, sailkapeneko hirugarren postutik oso gertu geratu ziren, Zumaiak bi segundo bakarrik atera baitzizkion.

Ondoren, baina, «ohorezko» tandako neskak atera ziren: Getaria-Tolosa, Hondarribia eta Zumaia. Getariar-tolosarrek sasoi onean daudela erakutsi zuten. Gogor hasi ziren lehen minututik, eta maniobrarako 14 segundoko aldea ateratzen zion bigarren sailkatuari, Zumaiari, eta 15ekoa Hondarribiari.

Bueltako luzean Amaia Arrizabalagak zuzenduriko neskak (Hondarribia) suspertu egin ziren, eta ia hamar segundo atera zieten zumaiarrei. Aurretik gauzak ezin argiago zeuden eta Getaria-Tolosako ontzia aldeak handitu eta handitu aritu zen. K.A

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo