GARA > Idatzia > Kirolak > Mendia

Irailaren 5ean helduko da

Karrantza Haraneko Martxa, ausartenentzako hitzordua

Harana zeharkatu, natur parkeekin gozatu eta mila metroko hiru tontor igotzeko aukera dute mendizaleek.

p039_f01_98107.jpg

Iratxe DUEÑAS |

Karrantza Haraneko I. Martxa irailaren 5ean egingo da eta parte-hartzaileek 72,2 kilometroko ibilbidea beteko dute, Anbasaguasen hasi eta bukatuta, Bizkaiko lurralde ezaguna zeharkatzeko. Iraupeneko martxa da antolatzaileen hitzetan, baina helburu jakin bat du: «Ahalik eta jende gehien biltzea harana ezagut dezaten». Turismoa eta mendia, biak bat egiten saiatuko dira.

Hamazazpi ordu inguruko ibilaldian hiru mendi tontor igoko dituzte, baina bere ahalmenarentzat gehiegi dela uste duenak aukera izango du proba lehenago uzteko. Horretarako, antolatzaileek 30 kilometroko ibilbide motzagoa ere atondu dute. Hala ere, ibilbide osoa betetzeko gonbita egiten dute Karrantza aldetik.

Goizaldeko bostetan Anbasaguastik El Mazorako bidea hartuko dute ibiltariek, El Moroko pasabidetik Lanestosara ailegatzeko. Hortik aurrera bidea maldan gora joango da, Los Tornosetik hiru tontor igotzeko: Zalama (1.336 m.), Balgerri (1.106 m.) eta Burgueno (1.043 m.). Mendizaleak kontrola dagoen Escritaraino jaitsiko dira, 17.30ak baino lehen. Beranduago heltzen direnek martxa utzi beharko dute. Armañongo natur parketik Raneron kokatuko duten kontrolera iritsiko dira gaueko 22.00 aldera, Anbasaguasen itzulia amaitzeko.

Karrantza Haraneko Birak Raneroko natur parkea zein trenbide nahiz autoentzako bideak igaroko dituenez, antolatzaileek ezarritako puntuetatik zeharkatzeko eskatu dute. Lasai ibiliz, baina erantzukizunez.

Izena emateko epea irailaren 3ra arte irekita dago, 18 urte edo gehiago dituztenentzat. Sasoi onean eta mendizaleen elkartean federatuta egotea dira eskakizunak. Federatuek 20 euro ordaindu beharko dituzte eta gainerako parte-hartzaileek 24. Eguneko edari eta bazkaria, bira osteko oroigarria eta bestelako zerbitzuak eskainiko dituzte.

Antolatzaileen hitzetan, 16 urtetik aurrera parte hartzeko ere ez dago arazorik, baina adinaren kontuarekin kontuz ibili behar da aseguruak direla-eta.

Mendi martxaren antolakuntzan

Martxa antolatzeaz Karrantza Haraneko Bira mendi taldea, Mendizaleen Euskal Federazioa eta Karrantzako Udala arduratu dira, arlo publiko zein pribatuko beste hainbat erakunderen laguntzarekin. David Ruiz antolatzailearen esanetan, «proiektuak baditu urte batzuk», baina martxa luzea egiteko «trabak» zirela-eta orain lau hilabete Karrantza Haraneko Bira mendi taldea sortu zuen. Irailaren 5erako izugarrizko lana egin dute guztien artean.

Mendizaleen Euskal Federazioaren egutegia abendurako eginda zegoenez, ezin izan dute bertan sartu, baina laguntza jaso dute beste federazioei martxaren berri emanez. Aurten lehen aldia den arren, hurrengo urtean federazioaren egutegian azaltzea espero dute. Hori bai, antolatzaileei data aldatzea gustatuko litzaieke, Karrantzako bira hau ekainean egiteko.

Ibilbideak dituen 72,2 kilometroak betetzeko mendizaleak trenez zein autoz hurbil daitezke. Non lo egin edo bazkaldu, eta gainerako informazioa, antolatzaileek martxan ipini duten webgunean dago ikusgai: karrantzabira.wordpress.com Oraindik izen emateko aukera badago, eta David Ruiz antolatzaileak harro azaldu duenez, bertan izango dira Bilbo ingurutik, Bizkaitik, Gipuzkoatik, Nafarroatik zein Asturias, Burgos edo Kantabriatik inguratutako mendizaleak.

Halako ibilbide luzeak egitera ausartzen ez diren mendizaleek bestelako aukerak ere badituzte Karrantzako haranean: Pozalaguako kobak bisitatzea, Armañongo natur parkeaz beste erritmo batean gozatzea, animaliei eskainitako Karpin parkea ezagutzea, hegaztien behatokitik saiak ikustea edo bainuetxeko uretan bainu bat hartzea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo