GARA > Idatzia > Iritzia > Gaurkoa

Tasio Erkizia ezker abertzaleko militantea

«¡Abajo la razón, viva la imposición!»

Uda gogor doa, politika arloan bederen, eta Tasio Erkiziak gogorkeria horren berri emateko baliatzen du artikulua, batez ere hainbat herritako jaietan izan diren erasoen berri emateko. Zapalkuntzaren hamaika adibide eman ondoren, Erkiziak ondorioztatzen du espainiar agintarien eta Euskal Herrian dituzten ordezkarien kezka ez dela demokrazia, ezta gutxiago ere, beren helburua «herria hau asimilatu edo menperatzea» dela. Bere ustez, Euskal Herriaren eta herritarren aurkako bortizkeriaren atzean dagoena «arrazoi politikoaren ahulezia eta eztabaidatzeko gaitasun eza» da. Nolanahi ere, saiakera ustela dela dio, herriaren babesa duten arrazoizko eskaeren aurrean inposizio antzua delako.

Egungo Gasteiz, Madril edo Iruñeko agintarien joera ondoen definitzen digun esaera izenburuko hauxe litzateke. Han eta hemen «se acabó la impunidad» diote eta harrokeriaz zigortzen gaituzte. Beraien pentsamendua eta ikuskera da askatasuna eta demokrazia; besteentzat dena da debekua, dena da zigorra. Carrero Blanco, Meliton Manzanas eta tankerako horretako faxista eta torturatzaileentzat kaleen izenak eskatzen dituzte eta herriaren alde bizitza eman dutenak ahanztera behartu nahi gaituzte.

Aurtengo udan bi pertsonaia izan dira telebistan eta komunikabideetan gehien agertu direnak: Alfredo Perez Rubalcaba eta Rodolfo Ares. Berez, Barne ministroak eta sailburuak hainbesteko protagonismoa izateak ez digu ezer onik adierazten, baina gure herriko jai askotan, Nafarroan zein Baskongadetan jakina, gertatzen ari dena oraindik ere adierazgarriagoa da: arrazoia eta agintarien indarkeria aurrez aurre ikusi baititugu.

Eta ez da harritzekoa Aresen «gurutzada» nazkagarria. Gizon honek ez du Euskal Herria ezagutzen. Areago esango nuke: anti-euskalduna da. Gorrotatu egiten du gure herriaren izaera eta nortasuna. Urte asko daramatza hemen bizitzen eta ia-ia beste hainbeste kargu publikoetan. Hala ere, oraindik ez daki euskaraz hitz egiten eta ez du euskal kultura ezagutzen. Jai herritarrekin ez du inoiz gozatu eta, beraz, ez ditu ezagutu nahi. Auzo pobre batean bizi arren, handikiekin jai egitea gustatzen zaion horietakoa dugu Ares.

Rodolfo Aresi, Ertzaintzaren buru egin dutenetik, bere fobiak agerian gelditu zaizkio eta arrazoitzeari uko eginaz espainolen nagusikeria inposatzeari ekin dio. Presaren presaz era guztietako neurriak hartu ditu jai herritarrak desegin eta zapuzteko; presoekiko elkartasuna ito eta desagerrarazteko; manifestazioak debekatzeko edota adierazpen askatasuna birrintzeko. Lopezen eta Aresen laguntzaz, Estatuak itsu-itsuan dihardu Euskal Herriak bizi duen arazo politikoa ezkutatzen; elkarrizketa baztertzen; ezkertzale eta abertzaleei politika egiteko eskubidea ukatzen; PPko edo PSOEko hautetsiak kritikatzen dituztenak kartzelatzen. Zer gehiago behar da faxismoan bizi garela esateko?

Bere aurreko Barne sailburuak askoz arrazoizkoagoak bihurtuko ditu oraingoak. Azkar jokatu nahi du, egunero prentsan egotea «beharrizana» bihurtu du. Gaur Poliziaren izenean mintzatzen da eta bihar politikari gisa; epaileei dagozkien erabakiak bere gain hartzen ditu, «la izquierda abertzale nunca será legal» ozen esanez edo maite ez dituen manifestazioko esloganak debekatuz.

Maiz errepikatzen du legea bete behar dela, baina gutxi inporta zaio Ertzaintzak berak legea behin eta berriz urratzeak edo erabiltzen dituen metodoak onartu ezinak izateak. Ez du entzun nahi Gernikako alkateak egiten dizkion kritikak eta gutxietsi egiten du herri horretako edo Donostiako edo Bilboko milaka herritarren bertsioa. Argazkietan, begi-bistan ikusi arren, Ertzaintzak bortizki jokatu duela, pertsona bat eskaileratik behera hankaz gora bultzatuz, edo han-hemenka bortizkeriaz joz, ez du ikerkuntzarik zabaltzeko gaitasunik eta polizien hitza da kontuan hartzen duen bakarra. Arrazoitzea debekaturik dago.

Lehen ertzain bati «euskaraz mintzatzeko eskubidea dut» esatea eta exijitzea zaila bazen, gaur egun ezina bihurtzen ari zaigu. Ertzain batzuen harrokeria jasangaitza da. Mespretxuz hartzen gaituzte euskaldunok, desagertu behar dugun «indioak» bezalatsu tratatzen gaituzte, eta larriena zera da, hori egiteko agintarien babesa dutela. Ares jauna, oroitarazten dizut hori ere legea dela, horiek ere herri honetako gizon-emakumeen eskubideak direla, jakinaren gainean zuk urratzen dituzun herriaren eskubideak gainera. Tranpaz beteriko hauteskunde batzuetan gehiengoa lortzeak ez dizue inolako eskubiderik ematen neurri gabeko urrats zapaltzaileak aplikatzeko.

Zentzu honetan, jakin behar duzue presoen argazkien aurkako ehiza oinarrizko giza sentimenduak desegiten saiatzea dela. Presoen familiarte eta lagunen solidaritatea birrintzea. Eta hori ezinezkoa da. Guda hori galduko duzue. Min ematen dizue esku artean duzuen arazo politikoaren muina begi-bistan jartzen dizuelako. Aitortzen dizuet niri ere min egiten didala hainbeste presoren argazkiak erakusten digun errealitatearen gordintasunak, baina irtenbidea ez da arazoa estaltzea, bideratzea baizik. Ustezko arrazoi gisa biktimak aipatzen dituzue, baina faltsukeria hutsa da. Adibidez, herriko tabernetan dauden argazkiak nola minduko du bertara inoiz sartzen ez den guardia zibilaren emaztea?

Manuel Fragaren gisara «kalea geurea da» oihukatzen duen sasilehendakariak jakin beharko luke kalea guztiona dela. Kalearen jabetza aldarrikatzen duenak joera faxista du, herriarena dena inork ezin duelako bereganatu. Guretzat kalea lagunekin biltzeko gunea da, jaietan kantatzeko edo dantzatzeko toki egokiena eta, noski, aldarrikapenak egiteko esparru natural eta aproposena. Horregatik erabiltzen dugu kalea eta erabiltzen jarraituko dugu.

Zuen asmoa bistakoa da: Euskal Herriaren izaera eta kultura asimilatzea, dekretuz espainolak sentiaraztea. Eta horretarako hori oztopatzen dizuen ezker abertzalea birrintzea. Zuek kontrolatzen dituzuen telebista, irrati eta egunkarietatik desagerrarazi gaituzue, komunikabide horietan ez gara mugimendu politiko gisa existitzen. Eta orain kaletik atera nahi gaituzue. Beraz, zuen kezka ez da demokratikoa, herri hau asimilatu edo menperatzea duzue helburu. Manifestazioak debekatzen dizkiguzue, hauteskundeetan egotea eragozten diguzuen helburu berberaz, gure mezua eta proposamenak isilarazteko asmoz, alegia. Adierazpen askatasuna inoiz ez da hain zanpatua eta desagertua egon. Politikoki antolatzea eta norbera izatea debekatu nahi diguzue. Zuen bortizkeriak agerian uzten duena zera da: arrazoi politikoaren ahulezia eta eztabaidatzeko gaitasun eza.

Baina jakin ezazue: epe batean eta jazarpen polizialaren ondorioz indarra inposa daiteke eta arrazoia ezkutatu ere bai, diktadura politikoetan gertatu ohi den bezala, baina denborak aurrera egin ahala arrazoizkoak diren aldarrikapenak berriro azaleratzen dira eta kasu askotan indarberrituak gainera. Denborak erakutsiko digu saiakera berri honetan ere porrot egingo dutela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo