GARA > Idatzia > Iritzia > Jo puntua

Sonia Gonzalez sagarroiak@gmail.com

Jaiak politizatzen

Geure bizitzak goitik behera politizatzea, herritarrok politika egitea, geure eskubidea ez ezik, geure obligazioa ere bada. Beste guztia herritarrak aberetzeko ahalegina besterik ez da

Udako lelo bihurtu da jaiek ondo pasatzeko balio behar dutela eta ezin direla politizatu. Nork eta politikari guztiek esan digute. Jendeak ideia bere egitea ere lortu dute, «politizatzea» zerbait txar eta zikina bailitzan. Bilboko pregoilariak berak antzera adierazi zuen: jaiak ez direla sekula politizatu behar eta jendeak egin behar zuena, batez ere, ondo mozkortu eta edonorekin txortan egitea zela. Hau da, ahaztu pertsona egiten zaituena, animalien sen hutsarekin ondo biziko zara-eta.

Utziko didazue K.a. IV. mendera jotzea Aristoteles topatzeko. Gezurra eman arren, oraindino berak ezarritako estatu eta gobernu sailkapenak erabiltzen ditugu, hala nola «aristokrazia», «tirania» edota «demokrazia» berbak eta beste kontzeptu batzuk. Hala ere, gobernu sailkapen hori egin orduko, lehenengo eta behin azaldu zuen ezinbestekoa dela hiritarrei buruzko gogoeta egitea, azken batean, hiritarrek osatzen baitute estatua. Aristotelesen aburuz, hiritar guztiek parte hartu behar zuten estatuaren gobernuan, hau da, jarduera politikoan.

Horixe da mende hauetan zehar herritarrok ahaztea eta albo batera uztea lortu dutena. Politika, jadanik, ez da herritar guztion bizitza antolatzeko modua. Hala balitz, denok ulertuko genuke, azalpen handirik gabe, herritar guztion eskubidea ez ezik, obligazioa ere badela bertan parte hartzea. Baina politika, gaurko egunean, politikariek egiten duten zerbait bihurtu da. Beraz, politikariak eurak dira jaiak eta bizitza politizatzea berez gauza txarra dela agintzen dutenak.

Baina, nortzuk dira politikariak? Politikariak ez dira herritar normalak. Herritar normalengandik oso urrun bizi dira eta are urrunagoko bulegoetan hartzen dituzte erabakiak. Politikariek gorbata, takoidun zapatak eta diseinatzaile famatuen arropak erabiltzen dituzte. Ez dira autobusez edo metroz ibiltzen, eta beti doaz armadun gizonek ondo babesturik. Politikariek gosari, bazkari eta afari eleganteak egiten dituzte eurak bezain urrun bizi diren lagunekin. Berba arraro eta zailak, nahasgarriak erabiltzen dituzte. Gezurra esatea arte bihurtu dute. Edozein estralurtarrek arin aterako luke ondorio hori.

Txarrena da jendeak sinistu egin duela gure bizitzetan eragina duten erabakiak hartzen dituztenean gure onerako egiten dutela, «jakinduria» bereziren baten jabeak direla. Txarrena da gazteek zein nagusiek, batere konplexu barik, sinistu dutela politika kontuak oso zailak direla eta pertsonaia berezi horien esku utzi behar direla. Gero eta jende gehiagok «paso» egiten du politikaz.

Baina edozein herritarrek, edonongo herrikoak, hipnosi kolektibo horretatik irtenez gero, argi ikusten du zein oker egon den, zer itsuturik, bere bizia beste baten esku utzita. Hona hemen venezuelar andra baten berbak: «La política para nosotros era que un grupo se hacía rico mientras el otro grupo pasaba hambre y por eso no llegaban los recursos, pero ahora sí queremos saber de la política, nos interesa muchísimo la política, porque la política que estamos viviendo ahora es democrática y participativa».

Berriro ere: jaiak ez ezik, geure bizitzak ere goitik behera politizatzea, herritarrok politika egitea, geure eskubidea da, eta obligazioa ere bai. Beste guztia herritarrak aberetzeko ahalegina besterik ez da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo