GARA > Idatzia > Kirolak > Saskibaloia

Hondarribia-Irunen aurkezpena

Maila handiko jokalariekin indartuta dator taldea

Gipuzkoarren helburua iaz lortutako zortzigarren postua hobetu, Europan sartu eta Kopan parte hartzea da.

p038_f01_148x092.jpg

Imanol CARRILLO | HONDARRIBIA

Hondarribia-Irunek helburu erakargarri eta zehatzekin hasiko du denboraldia, Jose Maria Izagirre presidenteak atzo aditzera eman zuenez. Hala, «iaz ligan lortutako zortzigarren postua hobetu, Europan sartu eta Kopan parte hartzeko lehiatu behar dugu», azpimarratu zuen.

Helburu horiek lortzeko, Hondarribia-Irunek taldea indartu du udan. Candy Navarro (Biurrarena UPV) -gaur aurkeztuko dute Hondarribian, 11.30ean-, Maria Revuelto (Leongo San Jose) eta Laura Nicholls (Vigoko Celta) jokalarien etorrerarekin «taldea defentsarako eta erreboteetarako indartu nahi izan dugu», adierazi zuen Izagirrek. Izan ere, nahiz eta erasoan ligako seigarren talderik onena izan, defentsan txarrena izan zen iaz.

Goi mailako jokalariak dituztela nabarmendu zuen Izagirrek, nazioarteko lehiaketan aritzen direnak, izan ere, taldea osatzen duten hamaika jokalarietatik seik euren selekzioekin jokatzen baitute: Maria Revueltok eta Laura Nichollsek Estatu espainolarekin, Helen Luzek Brasilekin, Jovana Radek Serbiarekin, Katja Bavendamek Alemaniarekin eta Amra Dapok Kroaziarekin.

Ros Casares egungo txapeldunaren aurka urriaren 10ean hasiko duen denboraldi berria prestatzeko gipuzkoarrek zenbait lagunarteko izango dituzte, eta urriaren 7an Euskal Kopako finala jokatuko dute.

Bazkideak eta kolaboratzaileak

Kirol arloa alde batera utziz, Hondarribia-Irunek bazkide eta kolaboratzaile kanpaina hasiko du datozen egunetan, orain duen bazkide-kopurua (211 lagun) handitzeko asmoarekin.

Bestalde, kolaboratzaile kanpaina ere abian ipiniko du taldeak, «babesle gehiago erakartzeko eta hala diru sarrera gehiago edukitzeko», adierazi zuen Izagirrek.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo