Top 14
Baionar gutxi izango da Anoetako euskal derbian
Leku aldaketak ez du eraginik izango, eta berriro ere argi geratuko da bi taldeen arteko giroa ona ez dela.
Jon LEUNDA | DONOSTIA
Lekua, horixe izango da larunbatean Anoetan Biarritzek eta Avironek jokatuko duten derbiaren berrikuntza bakarra. Hortik aurrerako guztiak betikoari eutsiko dio.
Bi taldeen arteko harremana ez da ona. Eta horren adierazgarri Biarritzek etxean jokatzen duenean, Baionatik jende gutxi joan ohi da, eta Baionan izaten denean, Biarritzetik ere halatsu. Hau guztia apurtu nahi izan du Biarritzek etxean jokatzea dagokion neurketa Anoetara ekarriz, baina gauzak ez dira aldatuko. «1.600 sarrera bidali genizkion Avironi, eta 1.100 itzuli dizkigu, eta partida larunbatean da», esan zuen Serge Blanco Biarritzeko buruak.
Hala ere, Anoeta beteta ikusteko aukera badela onartu zuen Blancok: «Une honetan 23.500 sarrera salduta daude, eta larunbatera bitarte beste mordo bat saltzea espero dugu», esan zuen.
Biarritzen sekulako giroa dagoela ere onartu zuen taldeko buruak eta Anoetara ekartzeak duen garrantziaz ere hitz egin zuen: «Ligako presidentearen aldaketarekin erraztu dira gauzak, eta Estatu frantsesetik Ligako partidak atera ditzakegu orain. Anoeta leku aproposa da, jendeak gustuko du zelai hau, eta talde handien parean ibili behar badugu, beharrezkoa da honelako partidak zelai handi batean jokatzea. Ez da berdin 14.000 ikusle sartzea edo hori bikoiztea, horrek askoz diru sarrera gehiago ematen baitizkigu», esan zuen Blancok.
Jokalariak ere gustura agertu ziren Anoetan jokatzearekin: «Garbi dago Agilera dela guk ongien ezagutzen dugun zelaia, baina han 14.000 lagun sartzen dira, eta Anoetan 30.000 ikusleren aurrean jokatzeak zirrara berezia sortzen du», aitortu zuen Jerome Thion kapitainak. Avironek ere jokatu berri du Anoetan; Hego Euskal Herrian ere jarraitzaile ugari ditu Baionako taldeak, baina Thionek garbi du etxean beraiek arituko direla, eta gehiengoa beraien aldekoa izango dela.
Bestetik, Biarritzek Heineken Kopan erabiliko duen elastikoa ere aurkeztu zuen. Ikurrina bat da elastiko berria, aurrean taldearen ikurra eta babeslearen izena duena. Asmoa Ligan ere partida batzuetan erabiltzea da, eta larunbatean bertan estreinatzea, baina azkenean, Serge Blancoren hitzetan, ez dute horrelakorik egingo: «Aurrez aurre beste euskal talde bat dugu, eta lehen ere harremanak dauden bezala daude, eta ez dugu gai honegatik egoerak okerrera egitea nahi».
Hori bai, amaitzeko, biarriztarren buruak garbi utzi nahi izan zuen bi taldeetako jarraitzaileak harreman ona dutela: «Taldeen arteko egoeraz gain, jarraitzaileen artean ez dago arazorik. Elkarrengandik oso gertu bizi gara, eta askok egunero ikusten dute elkar», esan zuen.