GARA > Idatzia > Kirolak> Txirrindularitza

Hortzetik hitzera

Amets TXURRUKA | Euskaltel-Euskadi taldeko txirrindularia

Gure Markelo maltzurra,

koplaka hasi beharra,

idearik be ez daukat baina

erantzungo dizut bada!

Ez puru ez alkandora,

ni ez naiz plaza gizona,

loditu egin naiteke baina

bizarra da falta dena!

Gai-jartzaileak bertsolaria legez ezustean harrapatu, eta jendaurrean nola erreakzionatu asmatu ezinik jarri nau oraingoan gelakide maltzurrak! Lizaso handia errazago irtengo litzateke egoera honetatik baina zerbait moldatuko dut, tira!

Aitortu behar dizuet, lasterketaren inguruan zutabetxo bat prestatua neukala bezperatik, etapa ondoren lantxo hauek hartu beharrean hura bidali eta lasai egoteko asmoz. Hala ere, bota didan hordagoari eutsi beharrean sentitu naiz ezinbestean.

Lizasoren antz gutxi, 18 urte azpitik, bizarrik ez... laguna zelakoan, baina, edarrak bota dizkit oraingoan. Gorputz ederra, speaker-ak baino etorri handiagoa... alkandora eta purua jarriz gero, nik baino atarramendu hobea aterako luke honek! Ez al duzue hala uste?

Errima kontuan eta esan nahi duen guztia neurrian sartzen izango ditu kontuak akaso gure lagunak. Batez ere, neurrian sartzerako orduan, hitz jarioa etengabe datorkio eta!

Markelek atzo esan bezala, gure facebook eta twitter kontuekin akaso aspertu zarete, baina lasterketako emaitzez gain, beste kontu batzuk kontatzeko premia sentitzen dugu eta egunkarian, aldamenean, sailkapen eta kronika izango duzuela pentsatuz, hemen dihardugu guk geure jolasetan.

Gainera, gaurkoan kasik hobeto gure etapatxoaren detailerik aipatzen ez badizuegu. Markelek, errepidea muxukatu; eta nik, portua igotzen hasi behar genuenean, bizikleta hautsi dut. Biok amorratuta hotelera.

Ostiralean ekarriko dizuet akaso karrerako konturen bat baina oraingoz bion arteko lehia daukagu, eta jo eta ke gabiltza.

Agur t’erdi irakurle,
barka zazu bertsozale,
txarra naiz baina erronka honi
ezin diot egin kale.

Biharkoa ezin galdu,
zutabe edarra dugu,
Markel artistak idatzi digu
ta benetan merezi du!
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo