GARA > Idatzia > Euskal Herria

Autonomiaren egokiera azalduko dio Batasunak Hautetsien Kontseiluari

Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako gizartean autonomiaren egokiera hedatzeko asmoz, 120.000 txosten argigarri banatu ditu Batasunak etxez etxe abendutik. Azken aleak, ordea, Hautetsien Kontseiluko kideentzat utzi zituzten atzo Kontseiluaren Baionako egoitzan.

p013_f03_97x71.jpg

Arantxa MANTEROLA | BAIONA

Jean-Claude Agerre eta Xabi Larralde mahaikideak Hautetsien Kontseiluko idazkaritzara hurbildu ziren hautetsientzat autonomia proposamena azaltzen duen txostenaren ale bana uztera eta, bide batez, haien ordezkariekin bilera bat egiteko eskatzera. Larraldek nabarmendu zuenez, «lurraldearen antolakuntza orokorrerako, hots, eremu guztietan etorkizuna gure esku izateko eta ditugun premiei erantzun ahal izateko», estatus hori litzateke «tresnarik egokiena».

Mahaikideak gogoratu zuen «mota edo eredu desberdinekin bada ere, Europako herrialde gehienek (Alemania, Suitza, Italia, Britainia Handia...) lekuko kolektibitateei eskumenak aitortzen dizkieten estatus deszentralizatuak ezarri» dituztela aspaldian. «Alta, -gaineratu zuen- ideologia jakobino zentralistan itsututa, Estatu frantsesa ez da gauza izan etorkizunari aurre egin ahal izateko tresna modernoetara egokitzeko eta tokian tokiko errealitate eta beharrei erantzuten ez dien eredu zaharkituan tematua segitzen du».

Demokratikoa

Horrez gain, Batasuneko bozeramaileak autonomiaren proposamenaren izaera demokratikoa nabarmendu zuen: «Inoiz, gure lurraldeetan autonomia abian jarriko balitz, herritarren borondatearen fruitua izango litzateke. Dagozkien hitza eta erabakia egikarituz, erreferendum bidez hautatu beharko bailukete gobernatzeko sistema. Beraz, gure proposamena erabat demokratikoa da».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo