Gamere-Zihigako zentroan auzolanari esker ematen dizkiete eskolak haurrei
Gamere-Zihigako eskolak sei ikasle besterik ez dituela-eta, ikuskariak eskola ixtea erabaki zuen. Herritarrek ez dute erabakia onartu eta eskolak irekita segitzen du bertakoen auzolanari esker.
Idoia ERASO
Bost eta bederatzi urte arteko sei ikaslek aste eta erdi daramate ofizialki itxita dagoen eskolara joaten. Ikasturtea hasi zenetik, eskola egunak galdu ez ditzaten gurasoek eta herritarrek txandaka haurrei eskolak emateko ardura beren gain hartu dute. Mezua argia da; «irakaslea etorri arte itxarongo dugu», azaldu zuen haurra eskola horretan duen guraso batek. Bitartean hirurogeita hemezortzi urteko emakume bat ari da telefono deiei erantzuten eta eskolak denen artean ematen dituzte.
Ikuskaritza Akademikoarekin hitzordua eskatu dute, baina ez dute erantzunik jaso. Izan ere, Herriko Etxeak oraindik ez du ofizialki jaso itxieraren jakinarazpena.
Urketako eskolan gurasoak protestan ari dira Ikuskaritza Akademikoak beharrezko duten irakasle lanpostu erdia kendu dielako. Itsasuko eskolako gurasoek eskola okupatu zuten ostegunean lanpostu erdi bat eskatzeko.
Ikas Bi
Aurtengo irakasle lanpostu falta eskola elebidunek pairatu dute gehienbat, eta, hori dela eta, eskola publikoetako adar elebiduna kudeatzen duen Ikas-Bi elkartea oso haserre agertu da. Elkarteko Jean-Pierre Etxeberrik honakoa adierazi zuen: «Ohartzen gara Euskararen Erakunde Publikoak ez duela Hezkuntza Nazionalaren nahikeriei aurre egiteko indarrik izan».
Egoerari aurre egiteko, gurasoek gogor egin behar dutela nabarmendu zuen Etxeberrik. Horrela, urriaren 17an Baionan egingo den euskararen aldeko manifestazioan parte hartzera deitu zuten gizarte osoa.