Azarola baserritik Donostiara, euskara eta artea maletan sartuta
Dionisio «Dunixi» Barandiaran Etxeberria, ataundarra izaki, Donostian finkatu zen 36ko gerra zela medio. Gipuzkoako hiriburuan artea eta euskal kultura mahai gainean jarri zituen, eta, besteren artean, Barandiaran galeria eta Egiako Dunixi zinema aretoa sortu zituen.
Ariane KAMIO | DONOSTIA
Euskal mezenasa izan zela esaten dute batzuek, negozioetan usain ona zuela ere ezaguna da; bere senideek langiletzat eta euskatzaletzat jotzen dute. «Azarolako Dunixi» izenburupean, Dionisio «Dunixi» Barandiaranen oroit-idatzia aurkeztu zuten atzo senitartekoek Koldo Mitxelenan. Bertan, Barandiaranen haurtzaroa, gerra garaia eta ondorengoa, Amaran egindako gaztaroa eta abar biltzen dira. Hala ere, urriagoa da bere proiektuez, etxegintza garaiaz, Barandiaran galeriaz, Euromar hotelaz edo ostalaritza eskolaz aurki daitekeen informazioa, oroit-idatzia amaitu baino lehenago zendu baitzen.
Artea eta euskal kultura
Joseba Aurkenerena ilobak azaldu zuenez, «Dunixi» ataundarra zen, Azarola baserrian jaioa, eta «inoiz ez zion uko egin bere sehaskari, ezta euskarari, euskal kulturari edota Euskal Herriari ere». 36ko gerrak Donostiara eraman zuen familiarekin batera, eta gazte garaitik bere osabak Boulevardean zuen Barandiaran jatetxean lan egiten hasi zen.
Amara auzoan Arte eta Ofizio eskolan ikasketak burututa, Jorge Oteizarekin hitz egin eta Bengoetxea kalean Barandiaran galeria zabaldu zuen, Gaur eta beste hainbat talderen egoitza, biltoki eta erakustetxe izan zena. Euskal arte modernoa piztea eta indartzea zen Gaur taldekoen asmoa eta beraiekin bat egin zuen Dionisiok.
Galeriaren egitasmoaren atzetik iritsi ziren, Egia auzoan irekitako Dunixi zinema eta Zarautzen eraikitako Euromar hotela ere, bere egitasmorik handiena, non lehenengo ostalaritza eskola sortu zuen, Luis Irizar buru zuela. Bertan izan ziren ikasle gisa gaur egun goi mailako sukaldari diren batzuk, Pedro Subijana, Jose Ramon Elizondo, Karlos Argiñano eta Ramon Roteta, besteak beste.
Zarauzko Euromar hotela izan zen bere egitasmo handiena. Euskal kosta turistikoa suspertzea zuen xede eta, osoki burutu ez zuen arren, bere gerizpean aitzindari izan zen ostalaritza eskola sortu zuen.
Jorge Oteizarekin hitz egin ondoren, Bengoetxea kalean Barandiaran galeria sortu zuen, Gaur eta beste hainbat talderen egoitza, biltoki eta erakustetxe izan zena, euskal arte modernoaren lekuko.