Hileta-Oharra | MIKEL ATXAGA
Mikel Atxaga, kazetari, itzultzaile eta idazle euskaltzalea
GARA | DONOSTIA
Kazetari, idazle eta itzultzailea, Mikel Atxaga ostiralean hil zen minbiziak jota Donostian, 77 urte zituela. Urnietan jaiotakoa, Atxaga euskal kazetaritzaren aitzindari izan zen. Halere, bere lehen pausoak apaiztegian eman zituen. Izan ere, Saturrarango apaiztegian euskaltzaletu zen eta lehen meza Lourdesen eman zuen. Baina apaizgoa utzi eta buru-belarri sartu zen euskal kazetaritzan. Hala, 1971n hasi zuen bere ibilbidea «Zeruko Argia»n kolaboratzaile gisa. Ordukoa dugu, hain zuzen, Atxagak utzitako bitxikeria ezagunena. PSOEren prentsaurreko batean galderen txanda iritsitakoan, Atxaga euskaraz zuzendu zitzaion Felipe Gonzalezi. Honek «como supondrá usted, yo no hablo su idioma» esan zion eta Atxagak, berriz, ea zergatik ez zuten itzultzaile bat ekarri galdetu zuen.
Euskaltzaleak, ondoren «Jakin» eta «Aurrera» aldizkarietan ere egin zuen lan, eta 1977tik aurrera eta duela bi urte arte, Deia egunkarian aritu zen.
«Deiadarrak», «Gaztetxo», «Ezkontza bidean» eta «Xalbador» obrak ere Atxagari zor dizkiogu. Azken hori, hain zuzen, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren Bidegileak bildumaren barruan kokatzen da.
Bilduma horren koordinazioaz eta zuzendaritzaz ere arduratu zen 1997az geroztik, eta hori dela eta aurten Miramar Jauregian omendu zuten bere lana eta konpromisoa eskertzeko. Ekitaldian, Elixabete Garmendia kazetariak idatzitako «Mikel Atxaga bidegilea» izenburuko liburua aurkeztu zen. Bere lanari esker euskararen aldeko lana egin duten berrehundik gora bultzatzaileren biografia argitaratu dira. Hil aurretik, gainera, horietako batzuk ere koordinatu zituen. Horiek ondorengo aleetan argitaratuko dira.
1998an Rikardo Arregi kazetaritza saria jaso zuen eta aurten, berriz, Merezimenduzko Argia Saria, kazetariaren ibilbidea omentzen zuena.
Argitaratutako lan nagusien artean daude «Gaztetxo» (1963), «Ezkontza bidean» (1966), «Mundua, guztioi erakutsia» itzulpena (1969) eta «Deiadarrak» (1993)Deia egunkarian argitaratutako artikulu bilduma.
Atxagaren aldeko hileta-elizkizuna gaur izango da Donostiako Nuestra Señora del Rosario elizan, 19.30ean.
Jaiotze-data: Urnieta, 1932 > Argitaratutako lan nagusiak: »Gaztetxo» (1963), «Ezkontza bidean» (1966), (1969), «Komunikabideen beharra» (1977), «Deiadarrak» (1993) eta Bidegileak bildumako «Xalbador», «Euskal emakume idazleak» eta «Sabino Arana.