Eskolak emate hutsaz haragokoa izango da idazleen zeregina Idazle Eskolan
GARA | DONOSTIA
Urrian hasi eta ekain hasieran amaituko diren eskoletan, larunbatero-larunbatero, genero eta araubide ezberdineko lanak idazten eta zuzentzen erakutsiko diete idazleek idazlegaiei. Hala adierazi zuten atzo Bergarako Idazle Eskolaren asmo berria. Bertan izan ziren Juan Isasi (Ivap), Maria Jesus Aranburu (Gipuzkoako Foru Aldundia), Vicente Huici (Bergarako UNED), Luis Mari Zaldua (Asmoz) eta Tere Irastortza (Idazle Eskola).
Adierazi zutenez, ekainaren amaierarako hainbat idazlegaik libururen bat edo hainbat artikulu argitaratuta izango dute eta, alde horretatik, «soziologikoki, idazle bihurtuko dira».
Berrikuntzak
Aurten berritua dator gainera idazle eskola. Horien artean, eskolak bere metodologia hedatzeko asmoa duela adierazi zuten. Nork bere lanak idazten eta zuzentzen irakasteaz gain, metodologia idazketa lantzen den beste arloetara hedatu nahi dute, hala nola irakaskuntza edota administraziora.
Bestalde, 2008-2009an modu esperimentalean abiatutako proiektuaren bigarren aro bati ekingo diote: Lerro Artean proiektuari, hain zuzen ere. Bertan Idazle Eskolako ikasle ohiekin mintegia eratuko dute.