GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Joxemari Iriondo Euskaltzaindiko Herri Literatura sailekoa

Mikel Atxaga

Gaur ere behin eta berriz esan nahi diat, zorion eta zorte ederra izan dela niretzat urte hauetako hire adiskidantza

Mikel ere joan zaiguk. Atzo goizean egunerokoan irakurri nian lehenengo, eta gero, berehalaxe, adiskide batek telefonoz dei egin eta «Mikel ere joan zaiguk ba!», esan zidan, triste. Ezin izan nioan malkoari eutsi.

Banian honelako albiste txarra edozein momentutan helduko zitzaidan susmo gaiztoa. Izan ere, azkenengoz ikusi hindudanean «berriz ere etorriko nauk, Mikel» esan nian borondaterik onenez; baina, heuri esan nahi ez eta hire emazte Maria Anjelesek galdetu zidanean nola ikusi hindudan, ikaragarri bajatuta aurkitu hindudala esan nioan, nahiz eta gogorra egin zitzaidan nire iritzia hain gordinkiro ematea. Baina nola esango nioan, ba, besterik, beti ere gauzak argi eta garbi hitz egiteko ohitura izan diagu-eta beti gure artean?

Gure harremanen hasiera. Lehen ere esana diat askotan. 1965eko maiatzean, Santakutz jaietan Aizarnan egin ohi zenuten Gaztedi Egun hartan hitz egin genian lehenengo aldiz elkarrekin, nahiz eta ordurako zuek egiten zenituen liburuxka haiek irakurtzen nituen. Hire herritar Lourdes Iriondo kantatzera eramana zenuten egun hartarako, eta kantaldiaren ostean ezpainak gozo miaztuta alde egin genien Aizarnatik (hire arreba sukaldari bikaina iruditu zitzaigula esan nian lehen ere behin baino gehiagotan). Arratsalde-ilunabar gozoa eta atsegina izan huen maiatzeko huraxe. Hurrengo egunean egin nizkioan lehenengo grabaketak Lourdesi.

Geroztik, berriz, nolatan ahaztuko diat ba Joxemari Aranalde adiskide maitearekin batera Zarauzko pilota partida haietan eman zeniguten egurra Xabier Lete eta bioi? Baina zorrak kitatzen saiatu gintuan Getarian.

Hamaika kafe eder ere hartu genian elkarrekin (hik beti Farias xahar bat errez), Donostian egiten genituen bileretan. Hitz-aspertu ederrak egin ere bai, «mundu zahar pittin konponduz» geure modura, gero gauzak erruz okertu badira ere hemen, gure iritzirako behintzat.

«Mikel Atxaga bidegilea» aurkeztuz Donostiako Miramar-en egin ziaten omenaldi gozo hartan egin nian aitorpen hau, baina beharbada laburregi, halaxe behar omen zuela-eta. Baina gaur ere behin eta berriz esan nahi diat, zorion eta zorte ederra izan dela niretzat urte hauetako hire adiskidantza. Nik eskatu izan dizkiadan mesedeei berriketarik gabe erantzun izan diek beti, eta neuk ere beste horrenbeste egin nahi izan diat, maitasuna maitasunez ordaintzen dela gogoan.

Bestalde, hik emandako azkenengo mandatua betetzear zeukeat, Mikel. Antonio Zavalaren Bidegileak azkar prestatzeko eskatu hidaan, eta hortantxe ari nauk buru-bihotz, ahal dudan moduan, berriz ere norekin kontsultatua izango dudala pentsatuta, lehen bezain lasai egingo ez badut ere.

Goraintzi jende horri. Lourdes Iriondo eta Joxemari Aranalde aipatu dizkiat; eta Joan Mari Lekuona, Antonio Zavala, Xalbador, Joxe Lizaso eta horiek denak ere inguruan izango dituk, agian, hainbat alditan predikatu huena egia bada behintzat. Ba, horrela balitz, esaiek hala-hola baina hementxe gabiltzala mundu koskor honetan, eta goraintzi jende horri. Eta hik, Mikel, izan ezak atsedenik ederrena, merezi duk-eta.

Hire emazte Maria Anjelesi eta familiari, berriz, nire dolumina eta maitasun-agiri zintzoa bidali nahi zieat honenbestez, utzi duan hutsune haundi honetan kide izanez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo