Xabier Izaga Irakaslea
Ez... horrela ez
Donostian, Kontxako estropaden egun handian, bederen demokrazia omen dagoenetik egin izan den euskal presoen eskubideen aldeko manifestazioa galarazi egin zuten duela bi urte, istiluak izan zitezkeela argudiatuta. Manifestazioa deitu zutenei zentzugabea iruditu zitzaien debeku hura, haiei eta niri ere bai, eta beste herritar askori. Aspaldi luzetik eta urtero egin izan den martxa guztiz baketsua izan baita beti. Baketsua eta jendetsua. Beti... urte hartara arte, hain zuzen. Debekua gorabehera, hainbat herritarrek egin egin zuten martxa eta Ertzaintza oldartu zitzaienean istiluak izan ziren. Hurrengo urtean, iaz alegia, beste horrenbeste gertatu zen. Debekua, martxa egin eta, Ertzaintza oldartu zitzaionean, istiluak. Aurten arraun munduko hainbat lagunek egun bererako deitutako martxa ere debekatu du Lakuako Barne Sailak, aurreko urteetan istiluak izan zirela argudiatuta. Horra, istiluak izan daitezen modu eraginkorra.
Ulertzen dut Lakuako Gobernuaren jarrera, aurrekotik desberdintzeko saio eroan. Ulertzen ditut Aresek atzo emandako azalpenak, edo azalpenik eza. Baina ez dut ulertzen EAJren jarrera. Uda honetan «beroketa globala» salatu dute, EUDELeko presidente Jokin Bildarraitzek egun batean Ares eta enparauen sorgin ehizarekiko sintonia osoa aldarrikatu eta hurrengo egunean hura zalantzan jarri du... beharbada Urkulluk atzo argixeago hitz egin bazuen ere. «Ezker abertzalearen jokoan erori» izana aurpegiratu zion Lakuako Barne Sailari. Larriena, beraz, ez da herrietako jaietan jendea jipoitzea, legezko oinarririk gabe presoen argazkiak kendu eta jendea mehatxatu eta atxilotzea... baizik eta ezker abertzalearen «jokoan erortzea». Azken batean, «argazki ehiza», Lopezen bandakoek iragarri bazuten ere, jeltzaleak Gobernuan zirela abiatu zen. Eta askoz lehenago ere, esate baterako 2007an, nork debekatu zuen Donostiako estropaden eguneko martxa, istiluak izan zitezkeela argudiatuta?
Ez datoz bat prozedurarekin. Egin egin behar da, baina ez horrela. Eurek bezala baizik. Independentismoaren indarrak -kopuruz ezin bada, intentsitatez- murrizteko proiektuan, espainolismoak bere errepresio mota guztiekin lortu ez duen desmobilizazioa lortu du EAJk. Mamuak?