Floren Aoiz www.elomendia.com
Ertzainen gehiegikeriak?
«Euskal polizia», «euskal instituzioak», «euskal autonomia», «euskal telebista»; espainiar nazionalisten eskuetan ederki moldatzen diren egiturak, hauxe da espainiar Estatuarekiko fideltasunaren estrategiak erakarri duena
Kostatu zaie espainiar nazionalistei Ertzaintza beren taktika berrian uztartzea? Zaila izan zaie presoen argazkiak kentzeko agindua betearaztea? Oldartu dira polizia autonomikoak irizpide hauen aitzinean? Aresen kontrako giroa al dago haien artean?
Bistan da ezetz! Ertzainak errepresio urrats berriak pozik asko ari dira gauzatzen. Protestarik ez. Are makurrago: eroso sentitzen dira, hauxe bera espero zutelakoan edo. Joera batzuk aintzat hartuta, esaten ahal dugu bere benetako senari ekin diola Ertzaintzak. Izan ere, oso gustura oldartzen dira (gehienak, bederen) independentisten kontra.
Zalantzarik gabe, Ertzaintza antolatu zuenak bere burua zoriondu dezake. Espainiar polizia fidel eta fidagarria sortu zuen, espainiar interesen alde oso urrutira joateko prest dagoena. Iragan urteetan egindako lanari esker, Guardia Zibilaren azpikontrata baten moduan ari da «lanean».
Argi esan dezagun: hau da EAJk herri honi utzi dion herentzia. Sari ederra, zinez, espainiar nazionalista sutsuen eskuetan eroso dagoen polizia. Euskal abertzaletasunaren aurkako tresna, beren burua abertzaletzat jotzen dutenek diseinatua, bideratua, gorpuztua. Hau da Guardia Zibil eta beste espainiar poliziak ordezkatu behar zituen Ertzaintza? Polizia ezberdina? Euskal Polizia?
Aresen eskuetan gustura ibil daitekeen euskal polizia bat pentsaezina da. Espainiar nazionalisten estrategian ederki kokatzen den polizia egin du EAJk eta zerbait esan behar diote herriari astakeria hauen arduradunek.
Ez da onargarria mamuaren «gehiegikeriak» salatzea, mamua nola sortu eta hazi den aipatu gabe. Uda berotu duela Aresek? Zer egiten zuen Atutxak bere garaian? Ahantzi al dute «Atutxa valiente» oihua? Nik ez dut ahaztu, ezta Atutxak eta EAJko beste buruzagiek espainiar nazionalisten txaloak zein harro jasotzen zituzten ere! Zer egin zuen, bada, EAJren menpeko Ertzaintzak Ermuko «espiritua»ren egun ilun haietan? Nor zen Ertzaintzaren arduraduna Bilboko kaleetan jendearen kontra tiroka hasi zirenean? Orain, Aresen agindupean, ikasi dute ertzainek jendea jipoitzen? Mesedez!
Ez, ederki oroitzen dugu Ertzaintzaren ibilbide luzea. Jakin badakigu, bagenekien eta errealitateak arrazoia eman digu, orain egiten ari dena egiteko sortu zela. Espainiar Estatuaren segurtasuna zaintzeko, hots. Horregatik «zipaioak» esaten zieten Ares Barne Saileko arduraduna izanen zela inork pentsatzen ez zuelarik.
«Euskal polizia», «euskal instituzioak», «euskal autonomia», «euskal telebista»; espainiar nazionalisten eskuetan ederki moldatzen diren egiturak, hauxe da espainiar Estatuarekiko fideltasunaren estrategiak ekarri duena. Hau da EAJren estrategiak eraiki duena, espainiar nazionalisten kolonizazio egitasmoan primeran uztartzen diren tresnak.
Esan bezala, mamuaren sortzaileak eman behar ditu argipenak. Bere ardura aitortu behar du EAJk. Eta gure herriari barkamena eskatu beharko lioke, egin diona oso larria delako. Dena den, lehentasuna etorkizuna da, eta autokritika baino askoz ere beharrezkoagoa litzateke EAJk egoera hau erakarri duen estrategia oker hori behin betiko baztertzea.