GARA > Idatzia > Kirolak> Errugbia

Top 14

Aurreikuspen zaila duen derbia jokatuko da Anoetan

Orain arteko partidei begiratuta, Avironen jokoa Biarritzena baino hobea izan da.

p038_f02.jpg

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Euskal errugbiaren egunik handienetakoa izango da gaur Anoetan, horrelakoak izaten baitira Biarritzek eta Avironek elkarren aurka jokatzen dituzten derbiak. Lapurtarren arteko partida Gipuzkoan izango da, baina Serge Blancok, Biarritzeko buruak, garbi utzi zuen talde handi izatera iritsi nahi izanez gero, dirua atera behar dela, eta Anoetan Agileran baino diru sarrera handiagoak izango dituztela.

Norgehiagoka Anoeta estadioan jokatuko da 16.30etik aurrera, eta faborito garbirik ez da ikusten. Normalean ez da izaten, eta bietako edonork lortu izan du garaipena, beraz, zaila izaten da partida hauetan aurreikuspenak egitea. Hori bai, normalean ez da joko handirik ikusten.

Taldeei dagokienez, Aviron Biarritz baino hobeto heldu da neurketa honetara. Orain arte talde bakoitzak bost partida jokatu ditu, eta hiru galdu eta bi irabazi dituzte biek, baina egin duten jokoa ez da berbera izan.

Biarritzek ez du eman orain arte espero zen guztia. Liga hastapena ez zen txarra izan; itxuraz talde gehienak beraiek baino apalagoak ziren, baina bi garaipen besterik ez ditu lortu, eta hori ez da emaitza ona. Lapurtarrak azken bi-hiru denboralditan aurreikuspenen azpitik dabiltza, eta aurten orain arte egindakoak ere zalantza ugari piztu ditu. Gainera, bost partidetatik hiru etxean jokatu ditu.

Aviron, aldiz, bestela dabil. Liga hasteko, aurkari gogorrak izan ditu, eta partida bakarra egin du kaskarra. Bertan, jokalari batzuk A gripeaz kutsatuta ziren, eta aste osoan hori izan zuten kezka, partida bera baino, eta ondorioak izan zituen horrek. Etxean bi partida jokatu ditu, eta aise irabazi ditu. Gainera, hamaika entsegu lortu ditu bere zaleen aurrean jokatu duenean, eta horrek zerbait esan nahi du.

Etxetik kanpo itxura bikaina eman zuen Perpinyan, egungo txapeldunaren zelaian, eta oso gertu izan zuen puntu gehigarria. Beste faborito handi baten zelaian, Tolosan, alegia, puntu gehigarria lortu zuen, baina garaipena ere oso gertu izan zuen.

Zaleak itxaropentsu daude. Lehen helburua aurreneko seien artean sartzea da, horrek Heineken Kopan aritzeko txartela emango liekeelako, eta hori lortzeko borrokatuko dira aurtengo denboraldian. Dena den, beste helburu batzuk ere ez dituzten baztertzen, taldearen jokoak itxaropenerako atea zabaltzen baitu.

Jokalariei dagokienez, Biarritzen, Alexandre, Aiestaran, Bidabe, Fior eta Gobelet min hartuta daude, eta ez dira arituko. Yachvili, berriz, aste honetan hasi da entrenatzen, baina oraindik ez dago jokatzeko moduan. Avironen, Gerber eta Boyaud baja izango dira, eta Filipo, aldiz, zalantza izango da azken unera arte. Tewhata osatu da eta deialdian sartu dute.

Giro bikaina izango da Donostian, nahiz eta Baionatik jende gutxi etorriko den, derbietan gertatzen den moduan. Gero, itzulerakoan, biarriztarrek gauza bera egingo dute, bi taldeen harremana ez baita ona. Horrelako partidatan ohikoa den moduan, musika eta dantza izango dira protagonista bai Anoeta kanpoaldean, baita barruan ere. Sarrerak badira oraindik ere, eta Anoetako leihatilan izango da erosteko aukerarik partida hasi aitzin.

Helburu ezberdinekin hasiko da Superliga

Superliga edo Ohorezko Maila hastear da, eta bertan arituko diren hiru euskal taldeek helburu ezberdinak izango dituzte. Bera Bera asko indartu da, eta helburua lehen postuetan, Ligaren atzetik ibiltzea izango du. Ordiziarena eta mailara igo berria den Gernikarena, aldiz, mailari eustea izan beharko da. Hirurek bihar jokatuko dute, eta hasteko ez dituzte batere partida errazak izango. Etxean Bera Bera arituko da, eta El Salvador hartuko dute 12.00etatik aurrera. Ordu berean, Gernikak La Vilaren zelaian jokatuko du, eta ordu erdi geroago, Ordizia Quesosen zelaian arituko da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo