Hizkuntza zaharrei buruzko sorkuntza Otsozelaiko leizeetan
Itxaro Bordak idatzi testu batean oinarrituta, hainbat arte diziplina uztartzen dituen «Ezkia haizean kantari» sorkuntza aurkeztuko du Syrtes konpainiak gaur eta bihar Izturitze eta Otsozelaiko harpeetan. Musika, dantza, eskultura, antzerkia eta margoak izango dute tokia.
Idoia ERASO | IZTURITZE
«Ezkia haizean kantari dabil/zutik hiltzen diren/populu zaharren desagertze iragarria/usain maitekorrez huspatzeko», dio idazle zuberotarrak idatzitako testuak. «Antzinako hizkuntza desagertu eta ahulei buruz mintzatzeko, arte biziak izango dira Izturitze eta Otsozelaiko harpeetan», azaldu zuen Jean-Phillippe Larenboure antzezlaneko zuzendari eta Syrtes konpainiako fundatzaileak. Ikerketarako toki diren leizeetan esperientzia ezberdinak garatzen ditu konpainiak, eta oraingoan hiru zatitan banatutako antzezlanak kokagune horren baldintzak sentimendu anitzak sortzeko baliatuko ditu.
Dantzaria ere baden Larenbourek eskainiko duen mugimenduaren bitartez beteko ditu harpeak, Beñat Achiary eta Jesus Auredek sortutako musika eta kantuak lagunduta. Bestalde, Corinne Lallemand antzezleak Itxaro Bordaren testuak irakurriko ditu euskaraz eta frantsesez.
Eskultura, margoa eta bideoa
Agertokia Goiko eskultoreak egindako «Nomadak» izeneko obra multzo batekin dekoratuko da, antzinako jendea irudikatzen duena. Harpeak mendeetan hartu dituen artisten alderdi bizia Guanes Etche-Garay margolariaren lanaren bitartez irudikatuko da. Horrela, artistak oihal baten gainean zuzenean sortuko duen obra kobazuloko hormetan proiektatuko da. Azkenik, Paxkal Indoren bideoak gaurkotasunez beteriko ikusmoldea eskainiko du.
Ikuslea harpeetan zehar ibiltzera gonbidatuko du antzezlanak horrela, tokiak eskaintzen dituen baldintza ezberdinen araberako arte adierazpenak moldatuz. Lehen zatian, sabai baxua duen harpean, barreneko eszenografia helaraziko zaie ikusleei zolitasun goxoko ingurunean agertoki kaotiko bat aurkeztuta.
Bigarren partea leizeko gela handian egingo da, espazio zabala denez, aurrekoan ez bezala soinuak burrunba egiten du eta aurreko partearen aldean biziagoa izango da. Azken zatia aretoaren beste alde batean egingo da eta hormak baliatuta Indoren bideoa eta Guanesen zuzeneko sorkuntzaren lekuko izango dira ikusleak tarte honetan. «Urak eta argiak gidatuko dute ikuslea eta sorpresa bat edo beste ere izango da», azaldu zuen Larenbourek. «Kulturetan gaindi denboraren eta artearen ikuspegia garatu nahi dugu. Bertakoa den emozio bat sortu nahi dugu, goxotasun handia dago bai Itxaroren hitzetan, baita tokian ere», gaineratu zuen.