KRITIKA musika
Pianistaren neurriko egitaraua
Maite IDIRIN
Angeluko San Leon elizak akustika ona du, eta eskertzen zen atzokoan, baionar piano-jotzaile bikainaren ederresteak urrezko balioa zuelako. Esaten da Albenizen musika espainiar folklorean oinarrituta dagoela, baina hortik harago doala esango genuke. Ezbairik gabe, emozioz beteriko herri musika ekartzen du gogora. Hara eta hona ibili ondoren, 1893an Parisen kokatu zen eta Frantziako hiriburua izan zuen bizileku Kanbon hil arte. Bertan sortu zuen, 1905etik 1908ra, “Iberia” maisulana. Parisen argitaratu zioten ia dena hilabete zenbait hil aurretik Kanbora joan osteko azken joaldiak izan ezik. Gogora dezagun azpititulu gisa “Hamabi inpresioak” duela izena obrak. Aurreneko notatik, Olivier Chauzuk, duen erakarpen dohainari esker, publikoa bere munduan sartzen du. Lau kaierrez osaturik dago kontzertuaren egitaraua. Lehen zatian bi lehenak eta bigarrenean beste biak programatu zituen pianojotzaileak.
Bereziki azken joaldiak enaren hegazkada txio txiotsuaz, errekaren mugimendu doinutsuaz eta Sevillako dantzen alaitasunaz Andaluziako udaberri argitsuan kokatzen du. Interpretazio sublimea entzunarazi zigun pianojotzaileak. Publikoa oso osorik bereganatu zuen. Txaloek, behin eta berriz, baina inoiz amaitu gabe zetozelarik, piano-jotzailea eszena eta gela gordearen artean hara-hona etengabean ikusi genuen hainbat minutuz. Eskertzeko, lehenik Schuman eta ondoren Scarlatti interpretatu behar izan zituen. Une horretan, publikoak eserlekuetatik altxatuta txalo zaparradaz agurtu zuen piano-jotzailea. Arrats oroigarriz naroa han bilduriko entzuleek atzo bizirikoa.